Menua

ALPES

2014/11/03

MOZOLO, MENDIZAR, ERROZATE. Udazkena Iratin.

Etxetik goiz irten eta bidai luzea egin ondoren, Orion lepoan gaude goizeko 9retarako. 5 euroko sarrera ordaindu behar izan dugu. Hau sorpresa izan da guretzat. Aurretik egon garenean hemen ez dugu inoiz ordaindu. Denboradaz kanpo izango zen...

Orionetik irten eta Mendizarren magaletik goaz Morate lepoaren bila. Batzutan basoaren ertzetik eta beste batzutan barrutik. Bidezidorra dago, eta gaur lehorra, baina bustita dagoenean, lokatza sortuko da hemen.


Pagadia oso ederra dago, janzki egokiarekin.

Morate lepoa zeharkatu ondoren, pista antzerakoa hartu dugu Mozolarantz igotzeko. Tontorraren azpira heldu garenean, pista utzi eta eskuinera sartu gara pagadira zuzenean igotzeko.

MOZOLOAUNDI (1255m), tontor izkutuan. Mugarri bat besterik ez dago, eta maiatzean utzitako pare bat tarjeta zahar. Irabia urtegiaren gainean gaude, baina ikuspegi oso murriztua daukagu, basoz inguratuta baitago tontorra.

Berriz Morate lepora itzuli gara toki beretik. Hor aurrean hesia zeharkatu eta Mendizarrera igotzen hasiko gara.

Pagaditik irten ondoren, garo artetik goaz goruntz. Baina laster aterako gara terreno garbira, nahiz eta malda handia izan beti. 260 metroko garaiera-aldea dago lepotik Mendizar gailurrera.

Orain ikuspegia asko ireki da eta Orhi mendia oso ondo ikusten dugu.

Ez zaigu asko falta gora heltzeko.

MENDIZAR (1323m). Nafarroa aldean behelainoak daude oraindik, baina laster desagertuko dira. Gaur eguraldi bikaina daukagu. Duela bi urte, neguan, izugarrizko hotza pasatu genuen hemen, eta ezer ikusi gabe itzuli ginen.

Behelainoak iparraldera sartzeko nahian, baina ez dute lortuko.

Mendizar hor atzean utzi dugu, eta Behenafarroako lurretara sartzera goaz. Eskanda lepotik Errozate lepora dihoan muino belartsua hartu dugu, eta paisaiaz eta eguraldiaz gozatzen goaz. Toki oso ederra ibiltzeko.

Errozate lepotik gora ea 300 metroko aldapa daukagu. Errepide estu bat dihoa ea tontorreraino, baina ez da hori gure bidea. Belarrezko malda igotzea askoz hobea da. Irabia urtegira dihoan Egurgio sakana daukagu azpian, eta Orhi eta Nafar Pirinioa ostertzean.

Azkenengo metroak.

ERROZATE (1345m). Gandua dago iparraldean, baina Donibane Garazi eta inguruak ikusten ditugu. Itsasertza eta Bearneko mendiak ere ditugu ikusgai. Panorama oso zabala dauka.

Berriz jetsi ondoren, azkenengo igoera ikusten dugu. Mendi handia eta asko bereizten dena da.

Putre ugari dabiltza inguruan.


Eskanda lepora itzultzen, Errozate mendi puxka. Ezkerreko malda belartsu hauen azpian kokatzen da Arpea zulo ezaguna.


Eskanda lepoan dauden indikadoreekin. Toki askotara joan daiteke hemendik. Errozate oraindik ikusten dugu.
Duela bi urte...
MENDIZAR Neguan. 

Oso ondo ikusten da hasieran egin dugun ibilbidea Morate lepora. Bere eskuinean Mozolo eta ezkerrean Mendizar. Eta atzealdean, Orhi.


Orion lepoan bukatu dugu ibilaldia. Bost ordu baino zerbait gehiago behar izan dugu, baina lasai ibiliz, eta denbora hartuz zerbait jan eta edateko.

Eta eguna gehiago aprobetxatzeko, Irabia urtegira etorri gara Iratiko basoa gehiago ikusteko.



Urtegia oso baxu dago, normala garai honetan, baina pagadia izugarri polita.


Mozolo, Irabiako pistatik.

Mendizar, toki beretik.

Orbaitzeta. Eliza.

Aribe. Ederki apaindutako etxeak errepide ertzean.

Eta etxerako itzuleran, arrastiri dotorea Sakana aldean. Eguna borobiltzeko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina