Menua

ALPES

2019/08/09

PIMENÉ 2801 mt.Gavarnie-tik.


2019-07-09 Gavarnie-n askotan gaude egonda, baina urte asko dira azkenengoz izan ginela. Tramacastillan gaude eta biharko eguraldi ona dago iragarrita. Portalet eta Aubisque-Soulor igaro eta bagoaz Gavarnie-ra. Hodeiak, euria eta hotza errepidean.

Holle-ko aterpera deitu dugu eta tokia dagoela esan digute. Biontzako gela bat. Luxua!
Eta guretzat sorpresa galanta, Louis Audoubert Mendizale Handiarekin topo egitea bertan. Gizon xumea, irribarretsua eta bihotzekoa. Historia handia bere gorputz txiki horretan. Cap dera Baquo-ren ertzean dagoen tontor batek bere izena dauka jarrita. Euskal Herrira egindako bisitak eta Pako Iriondo, Antxon Bandres eta abarrak ondo gogoratzen ditu. En fin... Gozamena izan da berarekin elkartzea.

2019-07-10 Goizeko 6etan gosaldu dugu eta aterpetik gure gaurko helburua daukagu parean. Iragarrita zegoen bezala, garbi dago dena eta eguraldi ona.
Aterpe ondoko erreka.

Pimené. Zirkoko hirumilako guztiak eginda ditugu, batzuk behin baino gehiagotan, eta Gavarnie-ko behatoki ederrenetakoa den mendi honetan ez gara inoiz egon. Hau izan da Gavarnie-ra etortzeko aitzakia!

Kotxea herriaren sarreran dagoen aparkalekuan utzi dugu (5€ egun guztia), eta 7:30tan hasi gara oinez bertatik (1375m). Astazouak eta Marboré ditugu aurrean. Horruntz goaz.
Astazouak Swan korridorearekin eta Marboré, izen bereko hotelarekin.

Baina gure helburua gaur beste hau da.

Zirkoa, Torre eta Casco-rekin.

Freskuran goaz erreka ondotik. Hankak epeltzeko pasiada dotorea. Gero itzultzerakoan ez dugu aurkituko lasaitasun hau.

Pic de Serradets eskuinen, Casco eta Torre de Marboré ondoren eta Espalda eta Picos de la Cascada-ra doan ertza. Ederra da hor goitik ibiltzea...
Zaldiak herriruntz doaz. Gaur izango dute lana!

Kanpina pasa eta berehala agertzen dira baliza hauek. Argi dago bidea, Espuguettes aterperuntz.

Atzoko euriek izugarrizko hezetasuna utzi dute eta tono polita ematen die landareei. Lirio urdina.
Lilium Pyrenaicum dotoreak.

Lirio ugari bide ertzean eta Gavarnie behean. Bidea oso erosoa da.

Iturri bikaina.


Astazou-ak gero eta gertuago. Erdian Swan korridorea.

Basotik irteterakoan bidegurutzea daukagu. Espuguettes eta Pimené-ra ezkerreruntz. Gero jeisterakoan hemen eskuinera hartuko dugu Pailla aterpetik Zirkora jeisteko.

Basotik atera ondoren asko irekitzen da ikuspegia. Hemen, gure atzean, Montferrat-Clot de la Hount-Pique Longue-Chausenque-Petit Vignemale mendilerroa.

Pailla aterpea basoan eta Taillón-Gabietou.

Behiak dekoratu ederrarekin atzean, Ossou harana, Vignemale,...

Bistara daukagu aterpea eta Pic Rouge de Pailla gainean.

Baina begirada, nola ez, Astazou-etara dihoa.

Espuguettes aterpean (2027m). 9:15ak dira eta 600 metro baino gehiago igo ditugu. Toki paregabean dago kokatuta aterpea, eta Pimené-ra bi egunetan igotzeko aukera ona ematen du.

Oraindik ea 800 metroko desnibela geratzen da. Hasieran, Hourquette d'Alans-era doan bidea jarraitu behar da, oso erosoa.

Torre eta Casco de Marboré.

Esan bezala, bide erosoa oraindik. Apur bat gorago, Hourquette d'Alans-era doan bidea utzi eta mazela tente horietatik gora egin beharko dugu.

Hodeiak Roland Bretxa-n jolasean.

Hau da bidegurutzea. Alans mendatea eskuinean geratzen da (Gloriettes edo Tucarroya-ra igarotzeko), eta gu ezkerrera.

Hemendik gora, ertzera heldu arte, aldapa tenteagoa da.

Atzean daukaguna, aterpea beheko zelaietan, Astazou Txikiaren espoloia, Torre, Casco, Taillón, Gabietou.

Ihintza.

Ertzera heldu gara eta Petit Pimené daukagu gainean. Hodeiak jolasean ari dira hemen ere.

Roland bretxa, Bazillac, Taillón eta Gabietou.

Pimené Txikiaren ertzean, hodei artean.

Vignemale mendikatea hodeien gainetik.

Petit Pimené-n gaude. Ondo ikusten da tontor nagusira falta zaiguna. Zerbait jetsi eta ertza jarraitzea da goraino. Erraza da.

Eski-estaziora eta Tentes mendatera doan errepidea Gavarnie-tik, Ossoue harana, Vignemale,...

Hodeiek beste "toke" bat ematen diote inguruari, nahiz eta ikuspegiak apur bat gutxitu. Munia mendikatea agertzen da atzean.

Munia eta Troumouse-ko zirkoaren gainean duen gailurreria, Munia Txikia, Sierra Morena, Troumouse, Heid,... Aspaldiko ezagunak.

Perdido, hodei artetik burua ateratzen.

Atzean utzi dugun Petit Pimené eta Monte Perdido.

Aldapa tentea azken zatian, baina ditugun ikuspegiek asko arintzen dute igoera. Casco, Roland bretxa, Bazillac, Taillón, Gabietou.

Tontorra gertu. Hodeiak joan eta etorri dabiltza.

Mendi erraza eta panoramikoa da, eta mendizale asko dabil gora eta behera. Tontorrera heltzen.

PIMENE (2801m). Munia agertzen da atzean. 11:20ak dira heldu garenean. 1425 metroko desnibela dago herritik, baina orokorrean bide erosoa eta erraza. Merezi du hona igotzeak!





Hodeiak batetik bestera dabiltza, baina eguraldi ona daukagu. Orduerdi iraun dugu tontorrean. Hemen Perdido-rekin.
Vignemale mendikatea, Milieu eta Tapou-tik, Pique Longue-raino.

Ertzetik beheruntz.

Irudi politak ertzean hodeiekin.

Lurrean ere badago zer ikusi. Siempreviva-k kolore bizitasuna eskeintzen dute.

Ertzetik behera, Petit Pimené baino lehenago dagoen lepora jeisten.

Orain igoera txiki bat Petit Pimené-ra. Hodeiek hor jarraitzen dute jolasean. Orain Gavarnie aldean dabiltza.

Alans mendatera doan bidera heldu gara. Espuguettes aterpea ikusten da behean eta zirkoko gailurrak fondoan.

Casco de Marboré.

Ardi margotua.

Artaldearen erditik pasatzen. Aurrean Pic Rouge de Pailla eta Astazouak.

Artaldea. Denak daude ondo margotuta.

Espuguettes-era heltzen. Fondoan, Torre, Casco,...

Goian aipatu dugun bezala, zuzenean jetsi beharrean Gavarnie-ra, ibilbidea luzatuko dugu eta zirkora jetsiko gara. Hau Pailla-ko aterpea da.
Tentes mendia haranaren beste aldean.

Oso polita da bide hau. Marboré-ren hormen azpitik doa.

Zirkoa gero eta gertuago.

Polita bidea.

Landare endemikoa bide ertzeko hormetan.


Hor daude adierazpen zientifikoak.

Zirkoa. Hotela dagoen tokira ateratzen da bidea.

Marboré-ko urjauzi handia.



Hona heltzeko gogoa ere bagenuen, aspaldiko irudia baizen. Baina ondorengoa pasada bat da. Izugarrizko jendetza, erromeria, era askotako irudiak, takoietan, erabat nekatutako jendea,..., enfin, hau bai ez genuela ezagutzen. 15:30etan heldu gara abiapuntura, gustora, falta zitzaigun mendi eder bat ezagutu ondoren. Kafe bat hartu eta Soulor-Aubisque-Portalet-Tramacastilla bidaia, euririk gabe gaur.


Pimené Track.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina