Menua

ALPES

2018/10/25

OTAL / ARAÑONERA 2701m. Bujaruelotik

2018-09-29 Aspalditik genuen Otal-era igotzeko gogoa. Ihez, uztailean, egin genuen intentoa, baina Arañonera kobazuloan itzuli egin ginen, euria eta ekaitzak genituelako gainean. Ikusi genuen izugarrizko aldapa dagoela, eta itzultzeko gogoa apur bat joan zitzaigun, baina berpiztu egin da berriz eta hemen gaude Fenés kanpinaren ondoan goizeko 8:20 an. Hau da abiapuntua, kanpina baino 200 bat metro gorago.
Basoan ilun dago oraindik. Esan bezala hasieratik dena da gora eta gora, atsedenik gabe. Irteera 1240 metrotan egin dugu eta ea 1500 metroko garaiera-aldea geratzen zaigu tontorrera heltzeko.


Ilargia daukagu lagun.

Basotik irten eta ilargiak adierazten digu Otal tontorra, oso urruti oraindik eta dexente gorago.

Elur-jausien ondorioak Turbón sakanean.

Atzean, Mondarruego, Escuzana eta Gabietouak oraindik itzalean.
Basotik atera gara eta aldapak berdin jarraitzen du. Sakan honen ezker aldetik doa bidea.

Ilargia eta hegazkina. Hainbat ikusiko ditugu pasatzen.

Otal eta Pico Royo-ren artean dagoen sakanean gora, Arañonera kobazuloetara heltzeko lehenbizi.

Ilargiak markatzen digu norabidea. Ezkerreko mazela horretatik doaz mugarriak. Lepoa erdian, fondoan.


Arañonera sistemako kobazulo izoztuaren sarrera. Ihez hemen eman genuen buelta, bertan zaparrada bat jasan ondoren. Jeisterakoan egingo diogu bisita.

Kobazulotik gora, eremu harritsuan sartuko gara. Mugarriak jarraituz goaz. Toki batzutan ez du ematen bide logikoena adierazten dutenik, baina nahiko ondo igotzen da.

Bujaruelo harana oso behean geratzen da.

Sakan honetatik doa bidea.

Goian  ikusten den mugarrira igo behar dugu.

Otal, burua erakusten atzean.

Leize baten ondotik igarotzen da, eta nola ez, begirada bat bota behar. Atzean, Escuzana, Gabietous eta Bujaruelo mendatearen inguruak.

Lepora heltzeko azkenengo maldetan. Atzean, Gabietouak, eta Bujaruelo mendatearen ezkerrean, Bernatuara.
BERNATUARA IGOERA 

Otal lepotik (2351m), Otal mendia. 1100 metroko garaiera-aldea egin dugu honeraino. Oso konstantea da aldapa.

Tendeñera, Otal lepotik.

Otal. Hemendik antzematen dugu nondik dihoan azkenengo igoera. Baina oraindik bere oinera heldu behar gara.

Otal-en hormak izen bereko haraneruntz. Atzean Tendeñera.

Oraindik lepoan gaude atseden pixkat hartzen eta ikuspegiaz gozatzen. Otal harana daukagu zuloan.

Putreak eskuinean geratzen den Pico Royo-n.

Lepotik, bretxa zuri hori zeharkatu behar da Otal-en oinera heltzeko.

Atzean Vignemale mendikatea daukagu. Oso ondo ikusten da Moskowa korridorea nondik dihoan.

Lehen aipatutako bretza zuria zeharkatzen. Behean Otal lepoa eta Pico Royo. Atzean Vignemale,  beste guztien gainetik.

Bretxatik oso ondo ikusten da geratzen zaiguna. Kanal horrean azpira heldu eta kanaletik gora bretxa txikira heldu arte. Ondoren, ezker aldera zeharkatu behar da lehenbiziko tontor hori igaro eta goiko bretxatik tontorrera.

Bagoaz. Bakar bakarrik gaude mendian ( beste askotan bezala). Bidezidorra dago hormaren oineraino.

Hormen azpian gaude. Ezkerrean daukagun kanaletik gora egin behar dugu. Mugarriak daude bidea ondo adierazten. Hemen kaskoa jarriko dugu, beste erreportai batzutan horrela gomendatzen dute eta.

Hasi gara trepadekin, baina oraindik ez dugu hartu benetako kanala. Argazkiaren eskuinean antzematen dena da.

Orain gaude kanalean. Teknikoki erraza da, baina malda handia dauka eta harri eta harkaitz solte asko dago. Adi ibiltzekoa beraz.

Kanalean.

Lehenbiziko bretxara irteten.

Akaso hau izango da zati arriskutsuena. Lehenbiziko bretxatik tontorraren ondoan dagoen beste bretxara egin behar den zeharkaldia. Kontu handiz ibili behar da zer heldu eta oinak non ipini ondo aztertuz. Ondo ikusten da igo dugun kanala.

Tontorraren ondoko bretxan, Tendeñera-rekin atzean. Hemendik gora gutxi falta da eta errazagoa da.

PICO OTAL (2701m). 3,45 ordutan igo ditugu 1500 metroak. Mondarruego, Escuzana, Gabietouak, Marboré, Cilindro, Perdido,...

Vignemale-rekin.
Tendeñera eta Tozal de Ripera.
Mallarruego aldea eta Pico de las Escuellas aurrean, Feniás-Argualas-Garmo Negro ondoren eta Midi d'Ossau atzerago.
Pico de Bernatuara ( beste batzuentzat Gabièt). Igoera potentea dauka horrek ere, Bujaruelotik.

Goiko zati erraza jeisten. Hau da azken bretxa.

Kanalera sartzeko zeharkaldian.

Kanalean. Bertikala da.

Pasarte apur bat zailagoa.

Kanala utzi eta igoeran geratu garen tokira jeisten, berriz kasko kendu eta zerbait jan eta edatera.

Hau da parean daukagun panorama. Mondarruego, Gabietouak, Taillón, Marboré, Cilindro, Perdido,... Zuloan, Bujaruelo harana eta eskuinean, Ordesa.

Alboan, eskuinean daukagu Fenés mendia. Hau da bere horma zuria eta Leize izoztua. Kataklismo bat egon dela dirudi... Leizearen eskuinean hiru eskalatzaile. Gero jakin dugu, "Bia" batzuk daudela horma horretan.

Hau da Fenés mendia.

Bretxa zurira jeisten. Tontorra atzean.

Eta sorpresa!, talde handi bat azaldu da leizera sartzeko asmoarekin. Bitartean hiru eskalatzaileak berean. Kanalizo bat jarraitzen ari dira. Harrigarria da horma hori.

Bretxa zuritik, azken begirada Otal tontorrari. Mendi gogorra eta, dirudienez, ez da oso bisitatua.

Bretxa zuria zeharkatzen, Otal lepora jeisteko.

Gabietouak eta Escuzana.

Igoerako toki beretik ari gara jeisten. Tontorra oraindik ikusten da.

Arañonera sistemako kobazulo izoztua.

Sistema horretako beste sarrera bat. Izugarria da ateratzen den haize hotza.

Beste aho bat. Espeleologoak dabiltza hemen. Esan digutenez, Fenés kanpina baino beherago ateratzen dira hemendik sartuta. Zirraragarria izango da abentura hori.
Oraindik Bujaruelo harana oso behean geratzen da. Aurrean Escuzana. Piano, piano, ...


Atseden bat balkoi panoramiko dotorean.

Artzai txabola baten aztarnak Turbón sakanean.
Basoan murgilduta. Orain eskertzen da itzala. Azkenean 7 ordutan bukatu dugu gaurko ibilaldi gogor eta dotorea. Mendi interesgarria.

Torla-tik Cotefablo mendatera goazela, geldialdia Linás de Broto-n. Bertako eliza dotorea eta Otal atzean (argi eskasarekin). Alde honetatik ere badu igoera. Baina oraingoz nahikoa daukagu egindakoarekin.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina