Menua

ALPES

2018/03/13

JEAN ARLAUD 3065m, GOURGS BLANCS 3129m, TORRE ARMENGAUD, LOURDE-ROCHEBLAVE 3104, CAMBOUÉ 3043m ST. , SAUD gailurreria.


2009-08-12 eta 13.

2009-08-12 Estós haranaren sarreran gaude semea eta biok, arratsaldean. Gaurko helburua aterpera igotzea da bertan afaldu eta lo egitera. Goizean deitu dugu eta tokia badagoela esan digute. Beste bisita berri bat haran eder honi.

Estos harana. Eskuinean Perdiguero eta Seil dera Baquo aldea. Bero handia egiten du eta ekaitza datorrela dirudi. baina aterpera igotzeko ez dago arazorik. Biharko iragarpen ona dago, eta baliatu behar dugu.

Bero honekin asko eskertzen da iturri honetako ura.

Tucas de Gargallosa direla uste dut. Bere gainean geratzen da Perdiguero.
Gorges Galantes. Estós ibaiaren urjauziak. Oso ezaguna da aterpera dihoan bidea, baina beti egiten zaigu atsegina eta dotorea.
Seil dera Bacquo- Portillón-Perdiguero.
Bide oso ona aterpera. Lehenbiziko aldiz hemen egon ginenetik (1985ean), asko aldatu dira bidearen baldintzak.

Azkenean ekaitza baino lehenago heldu gara aterpera. Hemen biharko ibilbidea aztertzen. Nik aurretik eginda daukat, baina semearentzat berria da, eta ondo dago aurretik zertara goazen ikustea.
Hau da plana; Sei hirumilako

Ekaitza bota du eta berriz hasi dira inguruak argitzen. Cap eta Seil dera Bacquo gailurreria.

Maladeta-Maldito aldea.

Estós harana aterpetik.

Ez al dago ona afaria?

Cap dera Bacquo ilunabarreko argiekin.

Kolore eta tono politak sortu dira.

Maladetak ere ari dira gorritzen.

Ballibierna tontorrak hodei dotorez apainduta. Ilunabar polita.

2009-08-13 Egunsentia Bardamina gailurrerian.

Goizeko zazpirak baino lehenago atera gara aterpetik eta Gias lakura dauden aldapetan gaude. Atzean, Bardamina.

Gero eta politagoa ari da jartzen Bardamina-ren gailurreria. Eguraldi ederra daukagu.

Montidiego, Perramó, Batisielles, Tucas de Ixeia, ...  Estós haranaren beste aldean.

Hor daukagu gaurko helburua, Jean Arlaud-etik hasi eta Gourgs Blancs-en tontor guztiak egin ondoren, argazkian ikusten ez diren Camboué eta Saint Saud-era joan eta ezkerrean dagoen Gias lepora etorri, hortik behera jeisteko. Nik ibilaldi berbera eginda daukat Izasekin duela urte batzuk. Gaur semearekin. Gainontzeko tontorrak, Clarabide, Gias eta eskuineko Baquo mendilerrokoak ere ezagutzen ditugu.

Gailurreriaren erreflexuak Gías lakuan.
Bardamina eta Posets, Gías lakuaren ertzetik.


Posets erraldoia.

Ezkerrean Gías eta Clarabide tontorrak eta eskuinean itzulerako lepoa.
Lehenbiziko helburua, Jean Arlaud. Erdialdean, itzalean dagoen tximiniatik egingo dugu igoera, gero nahiko zuzen irteteko goiko ertzera. Plaka dotore eta seguruak daude eta nik beti igo dut hortik ( 3 aldiz). Eskuinetik ere igotzen da, Oó lepotik, plaka makur horietatik, eta ezkerretik ere, Gourgs Blancs-en bide arruntetik, baina behin nago hortik jetsita eta ez zait batere gustatzen. Niri hori gustatzen zait. Akaso III-ko pasabideren bat eta II-ko ugari. Harkaitza oso ona orokorrean.

1993an Izas tximiniatik irteten

Tximiniatik atera ondoren dauden plaka ederretan.

Ertzean, tontorretik gertu.

1993an
JEAN ARLAUD  tontorrean (3065m). Gustora.

Izugarrizko paisaia daukagu begien aurrean. Hemen Hourgade et Belloc-era doan gailurreria eskuinean, Milieu eta Caillauas-eko lakuak, hau da Soula-ra jeisten den ibarra,...

Belloc-en hiru tontorrak, Spijeoles eta Gourdon aurrean.

Lac Glacé eta Tusse de Montarqué, Portillón eta Espingo-ra igarotzeko, eta Quayrat-Lèzat-Crabioules atzean.

Seil dera Bacquo gailurreri guztia eta glaziarra, eta ondoren Perdiguero, Pico Royo, Lliterola.

Soka batzen tontorrean. Teorin, ez bagara gailurrerian "enbarkatzen" ez dugu gehiago erabiliko. Atzean Posets.

1993an Gourgs Blancs-en.
Arlaud-etik metro batzuk jetsi behar dira (II-ko pasoak) lepora, eta ondoren hor ikusten den malda gogorra igo Gourgs Blancs-era.

GOURGS BLANCS (3129m). Hor irauntzen du Jean Arlaud-en omenezko plakak.

Tontorretik, Jean Arlaud aurrean, orain apur bat txikiagoa, Seil dera Bacquo-Portillón-Perdiguero-Royo-Lliterola-Maupás-Crabioules-Lèzat eta Glacé lakua eta Tusse de Montarqué Lézat-en aurrean. Fondoan, eskuinean, Maladetak.

Hemen Bardamina-La Paúl-Posets-Espadas-Gemelos-Veteranos-ekin. Orain arteko ibilbideak ez dauka arazorik jarraitzeko, baina hemendik gailurreria bukatu arte geratzen dena, nahiko korapilotsua da. Berez ertza jarraitzea da, baina dauden bloke eta orratzek batzutan ez dute uzten gainetik igarotzen eta Gías aldetik aurkitu behar dira pasabide egokiak.

Soula aldeko Milieu eta Caillauas lakuak ertzetik.

Armengaud dorrea eta Gourgs Blancs, Lourde-Rocheblave-tik ikusita. Zailena tarte horretan dago. Atzean, Tusse de Montarqué eta Glacié lakua eta atzerago Quayrat-Lèzat-Crabioules.

Spijeoles-Gourdon-Gourgs Blancs-ek osatzen duten zirkoan dagoen laku izkutua, erdi izoztuta.

LOURDE-ROCHEBLAVE puntan (3104m). Zailena egin dugu. Nekatuta gaude baina gustora eta oraindik baditugu indarrak atzerago geratzen diren beste bi tontorretara joan-etorria egiteko. Ezkerrean Posets eta eskuinean Bachimala mendilerroa. Eñauten atzean Suelza eta Dulsa.

Gourdon, Quayrat, Lèzat eta orratzak, Glacié lakua eta Tusse de Montarqué, besteak baino baxuagoa.

CAMBOUÉ (3043m). Atzean egin dugun gailurreria eta Perdiguero atzerago. Ondo ikusten dira Armengaud dorrearen inguruan dauden orratzak eta blokeak.

Clarabideak bere laku izoztuarekin eta Posets atzean. Saint Saud tontorretik. Seigarrena.

Clarabide laku ederra gertuago.

Gías lepotik itzuli gara eta Gías lakuan gaude. Hemen oinak busti eta atseden pixkat hartuko dugu, jan eta edateko eta tentsioa lasaitzeko. Jetsiera luzea geratzen zaigu, aterpetik pasa eta beheko aparkalekura heltzeko.
Estós haran lilluragarria. Ibilbide bikaina, eguraldi hobeto ezin, eta laguna zer esanik ez. Bikaina! Kotxera heldu eta renclusa-ra deitu dugu eta sorpresa! ... tokia dago! Ba, beste orduerdi Renclusa-ra igotzeko. Bihar Aneto. Baina hau beste historia bat da...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina