Menua

ALPES

2018/03/09

BACHIMALA 3176 m, PUNTA LEDORMEUR 3107 m, PUNTAS DEL IBON, PIC DE L´ ABEILLE 3o25 m. Gailurreria, Tabernés-etik.

2011-08-11 Atzo Crabioules-etatik jetsi ondoren, Benasquen atsedena hartu eta gauean Plan-etik Tabernés aterperaino heldu ginen. Ordu gutxi batzuk lo egin eta hemen goaz Cinqueta de la Pez haranean gora, lehenbizi Bachimala-ra igotzeko asmoarekin. Nire hirugarren ahalegina da ertz hau egiteko. Punta del Sabre- Bachimala egin genuen lehengo aldiz eta bigarrenean Picos de la Pez igo eta behera berriz eguraldi txarra gatik. Ea gaur semearekin...

Erreka pasatzera goaz Vado de Bachimalan. Zalantzan egon gara zein noranzkoan egin, badakigulako Bachimalaren jetsiera dela pasarte txarrena, baina azkenean horrela egingo dugu. Beraz, lehenbizi Bachimala-ra, ohiko bidetik.

Ordiceto ingurua eta gainean dauden Suelza eta Fulsa mendi politak.

Posets-Espadas mendilerroa eta Eristeak, Viadós gainean.
Gero jarraituko dugun ertzaren bigarren zatia, Petit Bachimala- Marcos Feliú (Pico del Ibon Chico???)- Abeillé., eskuinetik ezkerrera. Ondoren Picos de la Pez. Gu Abeillétik behean ikusten den lakura jetsiko gara.
Eta hau lehenbizikoa, Bachimala-tik Petit Bachimalara.

GRAN BACHIMALA tontorrean (3176m). Atzean, Hiru Sororeak, La Munia eta Vignemale besteak beste. Gaur eguraldi ederra daukagu, eta nahiz eta zailena geratu, lortuko dugulakoan gaude.

Aygues Tortes-eko lakuak eta Soula aldea eta Espingo-Portilloneko tontorrak, Clarabide, Gourgs Blancs, Bacquo, Perdiguero, Lèzat, Quayrat,... Atzerago Maladetak.

Ekialderuntz, Punta del Sabre Eñauten atzean eta Gemelos-Veteranos, Posets-Espadas eta Eristeak.

Posets eta Espadas artean dagoen glaziarra, gero eta murriztuago.


Soum de Ramond edo Añisclo, Perdido, Cilindro eta Marboré. Pinetako zirkoa.

Troumouse-ko hormak aurrean eta Vignemale atzean.
Frondellas-Balaitús, Pallas,...

Campbieil- Pic Long fondoan ezkerrean.

Turón de Neouvielle, Tres Consejeros, Neouvielle. Izugarrizko ikuspegiak daude Bachimalaren tontorretik. Baina jarraitzeko momentua heldu da. Hemendik aurrerakoa ez dugu ezagutzen eta jetsierak kezkatzen gaitu gehien. Goitik ondo begiratu ondoren, nahiko zuzen jetsi gara, terreno ez oso zaila baina oso arriskutsutik, bertikala eta harri solte askorekin. Kaskoa erabili dugu.

Bachimala-tik jetsi ondoren dagoen lehen orratzean.
Atzera begira, hau da egin dugun jetsiera.  Gutxi gorabehera erditik, baina ez dago argi esaterik. Nahiko tortura, baina kontu handiz ibilita lortu dugu. Gerora jakin dugu ezkerretik beste aukera bat dagoela, eta esan digutenez, hau baino errazagoa. Baina ez dakigu...

Bigarren orratzean.

LEDORMEUR tontorrean (3120m). Atzean Bachimala. Orain lasaiago gaude. Ertza errazagoa da, nahiz eta gora-behera dexente dauden.

Orain mendizale gehiago ikusten ditugu gora eta behera Bachimala-ren bide arruntean. Gu ertzean bakarrik gabiltza.

PUNTA DEL IBON (3100m).

Bachimala-ko lakuen gainean. Abeillé-tik horra jetsiko gara. Atzean, Suelza eta Fulsa ezkerrean eta Sororeak eta Vignemale besteak beste, atzean.

PETIT BACHIMALA (3061m). Ipar aldean Aygues Tortes-eko lakuak eta Soula eta Espingo-Portilloneko tontorrak,  Lèzat, Perdiguero, e.a., eta Maladeta atzerago. Ikuspegi bikainak.

Orain atzean ikusten den Marcos Feliú tontorrera goaz.

Marcos Feliú gertuago eskuinean, eta Abeillé atzean, urruti oraindik.

ABEILLÉ (3029m). Jarraitu dugun ertza eta Bachimala ditugu atzean. Eta atzerago Veteranos-Gemelos-Posets-Espadas.

Hemendik daukagun ikuspegia ere bikaina da.

Gustora. Azkenenan hirugarren saiakeran lortu dugu faltan genituen tontorretatik igarotzea.

Abeillé-tik Bachimala-ko goiko laku txikira jetsi gara, harrizko kanal malkartsua jarraituz. Laku hau eskuinean dauden Picos de la Pez azpian dago.

Hau laku handia da, oso ederra hainbeste harrobi artean. Fondoan ezkerrean Abeillé eta erdian Marcos Feliú tontorrak. Abeillé-tik egin dugun jetsiera begien bistakoa da.

Lasaitasun handia eskeintzen dute ur hauek inguru gogor honetan.

Beheko lakura jeisten, Punta Suelza-ri begira. Belarra zapaltzen aspaldiko partez.

Urjauziak ibarrean behera. Goian, egindako gailurreria.

Beheko lakuan. Hemendik behera jetsiera gogorra geratzen zaigu, baina hau ezaguna da.

Bachimalatik erortzen diren urjauziak. Ibar malkartsuak dira hauek.
Cinqueta haranaren lasaitasunean. Hainbeste harrizko aldapa igo eta jetsi ondoren, gozamena da orain hemendik ibiltzea.

Inguru hauetako txabola tipikoa bide ertzean. Culrueba.

Tabernés-eko aterpean (1730m) bukatu dugu gaurko ibilaldi gogorra. Hemen igaro dugu gaua, lurrean botata.

Etxerako bidea luzea da eta bizi poz apur bat eskeini behar zaio gorputzari. Tabernés-etik behera dauden urjauzietan.


Hau da egin duguna. Esan bezala, gaur ertzaren alboetan dauden tontorrak ez ditugu bisitatu, aurretik ezagunak bait ziren. Hala eta guztiz ere, ibilaldi gogorra da. Metatutako garaiera-aldea handia da eta eremu asko oso malkartsuak. Baina eguraldia alde izan dugu eta gustora bukatu dugu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina