Menua

ALPES

2017/07/05

ESPIGÜETE 2450 mt Ekialdeko ertza. Fuentes Carrionas, Palencia

CERVERA DE PISUERGA (Palencia). Kostaldean eta Pirinioan eguraldi euritsua dago iragarrita, eta beheruntz etortzea erabaki dugu, ea zortea daukagun. Ea Reinosa igaro arte euria izan dugu errepidean, baina hemen aterri dago behintzat, nahiz eta mendilerroa erabat estalita egon. Hemen igaroko dugu gaua eta bihar, goizean goiz, Cardaño aldera hurbilduko gara.

2017-07-01 Bi Cardañoen artean dagoen Pino Llano edo Mazobres aparkalekuan gaude goizeko 8etarako. 1345 metrotara gaude. Erabat lainotuta dago eta denbora ordu laurden edo egon gara bertan, zer egin pentsatzen. Baina beheko aldean zerbait garbitzen hasi da eta igotzen hasiko gara.

Aparkalekuan dagoen informazio panela. Gu, ezkerreko ertza jarraitzera goaz.  Izas duela 10 urte egon zen emakume taldearekin, baina biok batera duela 28 urte, eta Aste Santu batean, elurrarekin. Bada errepikatzeko garaia.

Mazobres haranera doan pista hartuko dugu, baina berehala, 30 bat metrora, ezkerrean, bi mugarri hauek adierazten dute ertzera bideratzen den bidezidorra. Atseden gutxi duen 1100 metroko aldapa daukagu aurrean.
Aparkalekua behean uzten. Kotxe batzuk badaude, baina denak joan dira Mazobres aldera. Gu bakarrik goaz ertzera.

Hasieran, ertza definitu arte, lahar eta sasi artean doa bidezidorra. Ibilbidea oso ondo markatuta dago mugarriz, eta honek konfidantza handia ematen digu. Gainera ezaguna da guretzat.

Betibiziak.

Hasi da definitzen ertza. Harkaitzen eremuan sartzera goaz. Behelainoak igotzen ari direla dirudi, eta lehen baino gehiago ikusten dugu.

Laster hasten dira trepada txikiak. Haize nahiko bizia eta hotza dabil, eta eskularruak jarri behar izan ditugu.

Gure eskuinean geratzen dira Mazobres harana eta aterpea, hodeipean.

Gu, lasai baina seguru, goruntz goaz mugarriak jarraituz. Esan bezala, ez dago galtzerik.

Lehenengo irtengunea igo eta nahiko behean ikusten dugu aparkalekua. Altuera azkar irabazten da hemen.

Tarteka, lora erramu dotoreak agertzen dira, begiak alaituz.

Nahiz eta zaila dirudien, erraza da. Guk makilak eskuan eraman ditugu denbora guztian.
Argi dago nora joan behar dugun. Mugarriak oso ondo jarrita daude.

Beste erramu bat. Naturak eskeintzen dizkigun opariak.

Harkaitza ere oso ona da, eta oraindik ez dago amildegi sentipenik.

Camporredondo urtegia eta errepidea.

Toki gehienetan oso zabala da ertza eta ondo ibiltzen da. Baina luzea da eta lasai hartu dugu.
Katuka igotzeko tartetxoa. Ezkerrean, Mazobres-eko pista.

Zati etzanagoa hurrengo irtengunera igotzeko. Hodeiak jolasean ari dira.

Putrea, zeru urdinarekin.

Mazobres aterpea oso behean daukagu.

Camporredondo urtegia, Alba de los Cardaños herria erdian eta Peña Redonda atzean.

Peña Prieta agertu da hodei artetik.

Hurrengo irtengunera hurbiltzen. Atzean, hodei artean, Ekialdeko tontorra azaltzen da.

Sarrio talde hau lasai zegoen, baina berehala joan dira iparraldeko harritzatik behera.

Cardaño de Arriba eta Peña Prieta. Badirudi garbitzera doala...

Curavacas ere agertu da. Baina ilusio laburra besterik ez da izango. Laster ez dugu gehiago ikusiko.
Ertza, gero eta politagoa. Gainera hodeiek lilura gehiago ematen diote.


Baina gauean hotza egin du, eta goian elurra ere bota du. Beraz, adi ibili behar gara.
Harkaitza izoztuta dago irtenguneetan, eta "destrepe"hau labainkorra dago.

Baina lorategi dotoreak ere badaude.

Goian estutu egiten da ertza, baina lehor egonda ez dauka zailtasunik. Hori bai, bi aldetan dago amildegia.

Mazobres haranaren gainean.
Cardaño-ko Orratzak eta Tres Provincias eta Peña Prieta. Hor ere elurra bota du.

Hodeiak jolasean dabiltza, eta gu gustora beraien hutsuneak baliatuz. Cardaño de Arriba eskuinean.

Momentu batean behean geratu dira behelainoak. Beste opari bat!

Mazobres-eko urjauzia ikusten dugu. Horra doa aparkalekutik atertzen den ibilbidea.

Heldu gara EKIALDEKO ESPIGÜETE tontorrera (2443m). Fondoan ikusten da tontor nagusia, eta bertara heltzeko jarraitu behar dugun ertza.

Bi tontorren arteko lepora jetsi behar da, eta hau izango da zati zailena, toki askotan izotza baitago. Lehorrean ez dauka zailtasunik, baina gaur ez da horrela.

Lepora jeisten ertzetik. Hodeiak berriz ari dira sartzen.

Kanal txiki hau jetsi behar dugu, eta hau da bere egoera. Gainera behean iparraldeko hormak eta harritzak daude, eta ezin da hutsik egin.

Horma labainkorra.

Igaro ditugu zailtasunak. Atzean geratzen da Ekialdeko Tontorra eta jetsi dugun ertza. Dena dela, gero hortik itzuliko gara.

ESPIGÜETE (2450m). Heldu gara, eta ez dago inor. Eguraldiagatik izango da, bestela mendi hau oso bisitatua da. Orduerdi egongo gara bertan, eta orduan agertu dira Palenciako bi mendizale. Beraiek guk igo dugun tokitik jeistea nahi dute, eta guk ere gauza bera egingo dugu. Cardaño de Abajo-ra jeisten den bide arrunta ezagutzen dugu, baina ez zaigu batere gustatzen, dauden harritzak kontutan hartuta.

Hodei artean tontorrean.
Mazobres urjauzia tontorretik.

28 urte beranduago berriz hemen.

Ertzetik behera. Igotzeko beste beharko dugu jeisteko.

Ertzeko plaketan. Zati dotorea da hau.


Poliki baina seguru. Aldapa handia da, eta harkaitza oso ona.

Ertzak eskeintzen dizkigun edertasunak gozatuz.


Atsedena hartzea merezi du horrelako toki batek.

Hemen gurutzatu gara goruntz doan talde batekin.

Cardaño de Arriba.

Cardaño de Abajo eta Camporredondo urtegia.

Orain ikusten dira Espigüete-ren tontorrak. Guk ertzaren erdia jetsi dugu dagoeneko.
Ekialdeko ertza.

Oso gertu dagoen Pico Murcia orain ikusten dugu. Orain arte estalita egon da.

Jeisten jarraitzen dugu.
Erramua.

6 ordu t'erdi igaro ondoren heldu gara aparkalekura. 1100 metroko igoera eta jetsiera gogor eta interesgarria. Eguraldia nahiko ondo portatu da eta gustora gaude.
Tontorrean ezagutu ditugun mendizaleak Puente Agudín-eko patata tortila dastatu gabe etxera ezin garela itzuli esan digute, eta horrela egingo dugu. Benetan tortila mundiala! Eta taberna txiki honetako mendizale giroa ere oso polita. Ingurura baldin bazoazte, ezagutzea merezi duen tokia.

Hau da Puente Agudín-taberna. Cardaño de Arriba-ra doan bidegurutzean dago, zubiaren ondoan, aparkalekutik bi km-ra. Espigüete-ren ekialdeko ertza atzean.

Espigüete. Hodeipean jarraitzen du, baina hala ere, mendi ederra eta oso klasikoa. Eskuinekoa da igo eta jetsi dugun ertza, eta ezkerrean dago Cardaño de Abajo-tik doan bide arrunta, hegoaldeko harritza.

Hurrengo arte Espigüete!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina