Menua

ALPES

2017/05/02

SAROBERRI-OKABE-IRAUKOTUTURRU. Behenafarroan.

2017-04-14 Aste Santuko Ostirala. Errepidetako prozesioak igarota egongo direnez, Iparraldera goaz, goizean goiz etxetik aterata. Bidai luzea da Donibane Garazitik igaro eta Burdinkurutzeta mendatera heltzeko. Baina ez zaigu inporta, inguruak asko merezi baitu.
Eguraldiaren iragarpena ona da eta eguzkia bistan joan gara Bidarrai ingurura heldu arte, baina handik aurrera behelaino trinkoan barneratu gara. Burdinkurutzetara igotzen ez da batere ikusten, baina goian garbi dagoela dirudi. Salbatore kapera inguruan gaude.


Behelainoak behean utzi eta Okabe eta Iraukotuturru gailurrak ditugu parean. Badirudi zortea alde daukagula!

Iparralderuntz begira. Behelainopean dago dena.

Beste aldean, Behorlegi dotorea agertzen zaigu.

Burdinkurutzeta mendatean utzi dugu kotxea. Hemendik hasiko dugu gaurko ibilaldia. Saroberri tontorra gainean daukagu, eta lehenbizi bertara igoko dugu. Aurrean daukagun lepora igo, eta gero handik ezkerrera.

Lepotik, Irau eta Saroberriren azpian dauden espoloi, ertz eta amildegiak ditugu.

Gure kotxea Burdinkurutzetan, eta duela pare bat urte ibilitako Mendibel-Eskalerak mendilerroa eta espoloiak.

Hurrengo helburua, Okabe. Surzai lepora jeisteko bidea oso argia da eta laburra da. Horrela ba, bat Burdinkurutzetara itzuli da kotxea hartu eta Surzaira eramateko, eta bestea zuzenean jetsi da lepora. Gero, eskuinean ikusten den pagaditik igoko dugu aurrean daukagun Okabera.

Baina lehenbizi SAROBERRIra igo dugu (1338m). Hauk lasai daude tontorrean.

Azpian geratzen zaigu Burdinkurutzetako errepidea.

Esan bezala, berehala jeisten da Surzai lepora, eta hor berriz elkartu ondoren, Okabera igotzen hasi gara. Pagadi eder horretara sartuko gara.

Okaberen gaina ikusten dugu.

Pagadian.

Pagaditik irten eta berehala heldu gara Hillarritako nekropolira. Harrespil asko daude, eta tokiak bere xarma du. Atzean, Errozate eta Ortzantzurieta eta Orreaga inguruko gainontzeko mendiak ditugu ikusgai.


Harrespilak eta Okabe.

Atzean, Saroberri, Arthanolatze-Eskalerak, Behorlegi, Zaboze, e.a.

Orhi.

Hilarrita eta Okaberen arteko lautada. Ezkerrean, Iraukotuturru bikoitza. Behelainoak igotzen ari dira...

Pasiera bat da Okabera igotzea. Baina hau ez da tontor garaiena. Apur bat atzerago dago, nahiz eta gehiegi ez nabaritu.

Hor dago tontorra!

OKABE (1466m). Atzean, Behorlegi eta Zaboze.

Mendibel-Arthanolatze-Eskalerak mendilerroa.

Hilarritan berriz. Behelainoak azkar ari dira igotzen. Saroberri aurrean eta Zaboze eta Behorlegi atzean, oraindik beraien buruak ateratzen hodei artetik.

Gu oraindik eguzkitan. Narziso artean Orhirekin atzean.

Harrespiletan. Pena ematen du tokia uztea. Gainera badakigu behean zer izango dugun... behelainoa!
Pagadian, Surzai lepora jeisten.
Behelainoek badute bere abantaila. Lilura berezia ematen diete basoei. Gozatzen!


Surzai lepora jetsi gara. Kotxea hartu eta km gutxira dagoen Irauko lepora joan gara.

Irauko lepoan. Ez da asko ikusten, baina Iraukotuturru gainean daukagu eta 20 minutu eskas behar dira igotzeko. Egin dugun bide luzea egin ondoren, guretzat ezezaguna den tontor hau ere igotzea erabaki dugu.
Hor dago tontorra, estalita, baina bidea nabarmena da. Aldapa tentea igotzea.

Igotzen goazela tontor nagusia agertzen da. Atzean, estalita, bigarren tontorra.

IRAUKOTUTURRU (1152m). Beste tontorra alboan. Ez da izan igoera diztiratsuena, baina mendia oso oso ederra da, eta nahiz eta tarteka bakarrik ikusi ingurua, etorkizunean beste ibilaldi interesgarriak egiteko aukerak antzeman ditugu.

Ertz hori jarraitzea adibidez. Planak beti buruan!

Eta bere oinean dagoen haran izkutu hau zoragarria iruditu zaigu.

Lepora itzuli garenean, orduan agertu dira Irauko bi tontor airosoak.

Mendiko jarduerak bukatu ondoren, Artabururen ondotik Esterenzubira jeisten den errepide estua jarraitu dugu. Errepide dotorea benetan! Euskal Herriko toki bikainak ezagutzeko aukera.

Esterenzubin geldialdia egin dugu. Herri txiki eta dotorea. Lasitasuna.


Donibane Garazira bidean, beste geldialdi bat Eiheralarren. Eliza.

Leiho dotorea.

Eta mendian eta baita Euskal Herriko txoko eta haran izkutuak ezagutzen asko gozatu ondoren, etxerako bidea hartu dugu. Ez dugu prozesiorik ikusi, ez errepidean eta ezta herrietako kaleetan, baina Ostiral Santu ederra igaro dugu Behenafarroa aldean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina