Menua

ALPES

2016/04/06

PEÑA CANCIAS 1929 mt Laguartatik.

2016-03-25 Goizeko 9:30ak dira eta Laguartan gaude, Guargueran. 8etarako atera gara Tramacastillatik eta Formigalera doan errepidera jetsi garenean, kotxeen karabana zegoen jadanik, pistetara igotzeko. Gu hemen bakar bakarrik gaude. Nola gustatzen zaigun!


Laguartako irudiak. Etxe eder batzuk badaude, nahiz eta ez dakigun baten bat bizi den urte guztian. Landetxe bat ere badago, eta gaur behintzat, norbait badagoela ikusten da.

Hau utzia dago baina armarria eta guzti du.


Herriaren sarreran dagoen zubian hartu dugu ezkerrera pista batetik, eta berehala aurkitu ditugu erakusle hauek. Guk Fiscal-era adierazten duena jarraituko dugu. Ibilaldiaren zati handia Fiscalera doan PRa jarraituz egiten da, eta nahiko ondo markatuta dago, pintura hori-txuriz eta mugarriekin.

Bidezidorra ezpel, pinu eta beste landare mota batzuren artetik doa, eta adi ibili behar da mugarriak ikusteko.

Hemen konglomeratu arteko pasabide kuriosoa igarotzen ari gara. Atzean beti Tozal de Guara daukagu.

Pista batera atera gara eta lepo batera ondoren. Hemendik ikusi dugu lehen aldiz tontorra, oso urruti. Gainera, elurra zapaltzen hasi gara eta erraketak ipini ditugu hemen. Tontorrerainoko joan-etorri luzea oinetatik kendu gabe egingo dugu.

Pista luzea jarraitzen. Oraindik elurra ondo mantentzen da eta gustora goaz. Beste egun bateko oinezko arrasto batzuk besterik ez daude. Hemen gainera, ez da altuerarik irabazten, eta bukaeran ehun bat metro galduko ditugu.

Dena elurtuta dagoen haran honetara heldu baino zerbait lehenago dago Fiscal-era jarraitzeko eta tontorrera igotzeko bidegurutzea. Hemen arrastoak bukatu egin dira, eta apur bat kostatu zaigu igoerako bidea aurkitzea, mugarri batzuk elurrez estalita baitaude, baina azkenenan lortu dugu bide ona hartzea.

Orain dena goruntz. Ez daukagu arrastorik eta guk egin behar dugu dena. Nahiz eta erraketekin joan, gogorra egin zaigu "erizoien" artean ibiltzea, zulo asko sortzen baitira.

Tontorra, baina oraindik falta zaigu.

Nahiz eta ez den asko nabaritzen, elur asko dago eta zulo ugari landaretza artean.

Kostatu zaigu ertzera heltzea. Fiscal herria eta Sabiñanigotik datorren errepide berria ikusten ditugu gure azpian.

Egun goibela daukagu, baina gutxienez aterri. Pirinioak erabat estalita daude. Añisclo aldea daukagu parean. Eguraldi onarekin izugarrizko ikuspegiak eskeintzen ditu mendi honek, baina gaur ez da eguna.

Beste aldeko ertza. Bukaeran antena edo panel bat dago. Horren ingurura ateratzen da Fiscal-etik datorren bide bat.

Tendeñera-Otal mendilerroa.

Tontorrera heltzen. Atzean, Peña Montañesa eta Cotiella mendikatea. Oso luzea egin zaigu igoera.

Jauzi dotorea Fiscal alderuntz.

Peña Montañesa eskuinean eta Cotiella atzean, erabat elurtuta.

Ez dugu denbora asko egin tontorrean, eta nahiko azkar jetsi dugu goiko aldapa. Orain etorriko dira ipuinak, pistan altuera irabazi behar dugunean...


Turbón ere ikusten dugu.

Jetsi gara haranera eta orain goruntz egin behar dugu. Elurra ere asko bigundu da, beraz, piano, piano.

Lehen aipatutako bidegurutzea. Hemen pista elurtua hartzen da eta oraindik metroak irabazi behar ditugu Laguartaruntz.

Erraketak ipini ditugun lepoan, kendu egin ditugu orain. Eskertzen da. Nahiko "raketada" daukagu gaurkoz.

Tozal de Guara, orain aurrean.

Errekatxo dexente jeisten dira goitik. PRa jarraitzen berriz.

Momentu batean sakan batetik behera dator bidea.

Eta Laguartara heltzen. Ibilbide gogorra eta luzea iruditu zaigu. Ea 7 ordu kostatu zaigu. Eskerrak erraketekin joan garela, bestela seguruen ez ginen helduko. Bakar bakarrik ibili gara eta arrastoa irekitzeak nekatzen du, baina tira, gustora gatoz.

Sabiñanigora doan Guarguera-ko errepide zahar eta lasaia Guarga ibaiaren ondotik doa. Goizean, zaldiak eta pare bat orkatz ikusi ditugu, eta orain, beste orkatz bat gurutzatu zaigu errepidean.

Guarga ibaia.

Peña Canciás Fiscal-etik. Hau hurrengo egunean ateratako argazkia da, Ainsa aldera joaterakoan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina