Menua

ALPES

2015/10/21

CÚPULA DE SECUS 2421mt eta LIOUVIELLA 2334 mtSansanet-etik. Udazkena topera.

2015-10-17 Etxetik goizeko 5 t'erdietan irten ondoren, 9ak inguruan Sansanet-eko aparkalekuan gaude. Iluntzerarte eguraldiak eutsiko diolaren iragarpena dago, eta udazkeneko tonoak puntu gorenean daudenez, eguna baliatu behar dugu ibilaldi berri bat egiteko.

Gorriz igoera, eta berdez egindako bi tontorrak eta jetsiera.


Sansaneteko basoa izugarri dotorea dago. Gozamena da bertan murgilduta ibiltzea.




Espelunguère-ra joateko bidegurutzean dagoen artzai txabola.

Oraindik beste tarte bat geratzen zaigu basotik. Ederra dago.



Basotik irteterakoan, Aspe eta Llena de la Garganta ditugu ezkerrean.

Aspe zirkoa. Igoera eder eta gogorra daukagu hortik eginda, lehen aipatutako bi mendiak igotzeko.

Estanés lakura igotzeko geratzen zaizkigun zelaiak. Parean daukagu Cúpula de Secús, gure gaurko helburu nagusia.

Orain igoko ditugun bi tontorrak. Baina oraindik urruti daude.

Estanes lakura heltzen. Baina laster, lakuraino jetsi gabe, gure ezkerrera hartuko dugu, lakuaren gainean dagoen muino batera igo eta Sarrioen haranera zuzenago heltzeko. Atzean, Astún eta Ayous arteko mendilerroa.

Secús mendilerroa. Erdian, La Portaza gailur liraina.

Sarrio ugari ikusi ditugu inguru hauetan. Itxuraz, "Valle de los Sarrios" izena egokia da.



Estanés lakuaren ertzak.

Lakua eta Acué atzean.

Sarrioen haranaren sarreraren bila. Cúpula de Secús beti gainean.

Valle de los Sarrios edo Olibón zirkoa. Paraje paregabea. Aurretik behin bakarrik egonda ginen, eta dena elurtuta zegoela. Gainera, aspaldi izan zen eta bagenuen berriz itzultzeko gogoa. Merezi du.

Bakar bakarrik gabiltza zirko glaziar dotore honetan. Olibón eta Bernera-ren hormak harana babesten.

Atzera begira, haranaren sarrera. Atzean, Gaziés eta Sesques ingurua.

Bernerako portura heldu garenean, parean agertu zaizkigu Bisaurin erraldoia eta Puntal de Secús. Baina gaur ez goaz horra. Hemen eskuinera hartuko dugu gure gaurko bi tontorren erdian dagoen lepotxora igotzeko.

Ibon Viejo behean utzi eta lepora igotzeko maldetan gora goaz.

Lepotik horrela ikusten da Cúpula de Secús. Apur bat inpresionatzen du, baina badakigu ez dela zaila. Hemen, Lizaratik etorri diren hiru mendizale ditugu aurretik.

Azkenengo igoeran. Eskuak erabili behar dira, eta kontuz ibili harri solteekin baina ez du aparteko zailtasunik.

Atzean, lepoa eta gero igoko dugun Liouviella. Atzerago, Bozo eta Olibón mendilerroa eta Sarrioen harana erdian.

Azkenengo metro politetan. Eskuinean Estanés aldea, eta ezkerrean Bisaurín eta gainontzekoak.

CUPULA DE SECUS (2421m). Atzean, Bisaurin. Hasi dira hodeiak sartzen hegoaldetik.

Anatera, Castillo de Acher, Gamueta, Acherito, Petrechema,... Kolore kontrasteak, nahiz eta lainotuta egon.

Estanés lakua, Sansanet eskuinean (gure abiapuntua), Sesques ezkerrean, Midi, Lurien, Palas, Balaitús-Frondiellas atzean.

Aguas Tuertas-en hibaiak egiten dituen meandroak.

Jeisten goiko erresaltea. Beste hirurak atzetik orain.


Lepora jetsi eta Liouviella-ra igotzen. Hau errazagoa da. Cúpula de Secús dotorea ikusten da hemendik.

Liouviella-ren ipar orratza (apur bat baxuagoa da), lakua eta Sesques mendikatea atzean.

LIOUVIELLA (2334m). Sarrioen haranaren gainean gaude. Behatoki polta daukagu.

Orain, Olibón, Llena del Bozo eta Llena de la Garganta-rekin.

Ibon Viejo-ra jetsi gara zerbait edan eta jatera. Cúpula de Secús eta bi mendien arteko lepoa.


Sarrioen haranera sartzen, baina orain Bernerako portutik behera.

Gozamena da haran hau zeharkatzea.

Liouviella. Duela gutxi ginen hor goian harana txoriak bezala ikusten.

Azken begirada Olibon zirkoari.

Acherito-tik Anieraino doan mendilerro guztia.

Anatera eta Castillo de Acher. Kolore kontrasteak berriz.

Jeisterakoan lakuaren ertzeraino etorri gara, marka berde eta horiak jarraituz. Buelta handiagoa da, baina orain ez zaigu inporta.

Oso goian geratzen da Cúpula de Secús eta Secús mendilerroa.

Eta lasai, paisaiaz eta arratsaldeko tono ederraz gozatzen, Sansanet basora jeisten goaz.


Lurrean ere bada zer ikusi.

Basora sartzen. Gure Benitoren musika entzuten da...





"Udazken koloreak"


Azkenean, ea zortzi ordu ibili gara, lasai eta inongo prisarik gabe. Eguraldiak oso ondo eutsi dio eta, nahiz eta nekatuta bukatu, asko gozatu dugu. Bi mendi ez oso ezagunak, eta guretzat berriak ezagutu ditugu, eta oraindik aukera gehiago badaudela ikusi.

Hurrengo egunean, Jaca-ko parkean, euripean...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina