Menua

ALPES

2024/06/25

ANDALUZIA IV: ⛰️ TORRECILLA 1918 mt. (Malaga) eta Ronda.

 

RONDA 

2024-05-16. Gaur turismo eguna daukagu. Grazalema-tik atera eta Ubrique-ra joan gara, baina ezin aparkatu ondo, eta alde egin dugu. Horrela ba, Ronda-runtz hartu dugu. Bidean, Cortes de la Frontera herri dotorea pasa dugu. Málagan gaude dagoeneko.

 Eta Benaoján. Beste herri dotore bat.

 Eta eguerdirako RONDAn gaude. Bazkaldu ondoren, arratsalde guztia daukagu herria ezagutzeko. Hemen zezen plaza ondoan. Turismoa nabarmena da. Jende pila nahiz eta osteguna izan, azterritarrak batez ere.

 Zubi Berria.

 Ibaiaren beste aldeko etxeak amildegiaren gainean.

 Izugarria da non dauden eraikita etxeak.



 Ez genuen asko nekatzeko asmorik, baina azkenean beheraino jetsi gara, Errota Zaharren hondakinetara. Hemendik dagoen ikuspegia bikaina da. Guadalevín ibaiaren urjauziak eta Zubi Berria goian.



 Berriz goian, Santa María la Mayor eliza eta enparantza.

Denda baten barrualdea.

 Harresiak eta Ate Dotorea. Gauza asko daude ikusteko Ronda-n, eta azkenean nekatu egin gara. Gustatu zaigu herria. Baina bihar mendirako plana daukagu eta goiz afaldu eta ostatura.


⛰️ TORRECILLA 1918 mt. Malaga

2024-05-17 Ronda-tik atera eta Los Quejigales atsedentokira heldu gara (1271m). Azkenengo kmak pista batetatik dira, baina egoera nahiko onean. Heldu garenean ez zegoen beste kotxerik. Hau da gaurko ibilbidearen abiapuntua.


 Bertan dagoen informazio-panela. Torrecilla ez da Málaga probintziako mendi altuena, nahiz eta orain dela gutxirarte eztabaida ugari izan horri buruz. Baina egondako ezagunek ezagutzeko aholkatu digute, dotorea dela. Beraz, hemen gaude kasu egiten. Bidea oso ondo markatuta dago goraino. Gero jetsiera beste toki batetatik egingo dugu.

 Aparkalekutik pista jarraitu behar da, baina metro gutxi batzuk bakarrik. Berehala ikusiko dugu eskuinean zubi hau. Zeharkatu, eta bide oso nabarmena aurkituko dugu.

 Lirio ugari alboko zelaietan.

 Bidea, Cañada del Cuerno-runtz doa, aldapan baina eroso.

 Tarteka, horrelako informazioa aurki daiteke.

 Pinsaparrera sartu baino lehen, atzera begiratu eta Quejigales-eko Kortijoa eta atsedenlekua ikusten ditugu.
 Bide oso polita eta erosoa. Cañada del Cuerno eta bere pinsaparrean satzera goaz.

 Kimu berriak.




 Gozamena da hemendik ibiltzea. Apur bat arduratuta bagoaz, behelainoa dagoelako, baina horrelako bide nabarmenarekin...goruntz.


 Pinsaparrean. Erretama ere loratan.

 Bidea basoan.

 
 Basotik atera eta behelainoan sartu gara. Baina bidea oso garbia da eta oraingoz ez dago arazorik.


 Laster atera gara pista batetara. Pista hau abiapuntutik dator, eta hemen goian dauden antena batzuetarako izango da itxuraz. Guk hemen ezkerrera hartu eta metro batzuk egingo ditugu pistatik, seinaleak jarraituz.

 Puerto de los Pilones-en gaude. Panelak adierazten duen bezala, parean dago Torrecilla, baina ez dugu ezer ikusten. Orain, behelainoek xarma berezia eskeintzen diote inguruari.


 Beste panel bat bertan.

 Eta artzaien txabola.

 Erkametzak behelaino artean. Inguru dotorea eta xarma berezia duena egoera honetan.

 Orain bidea nahiko laua eta erosoa da ea mendiaren oinera heldu arte. Gainera oso dotorea, erkametz artean.

 Hau da ikusten dugun guztia, baina zerbait argiago badago.

 Elurzulo batetatik igaro gara (gero jetsieran hemen hartuko dugu beste bidea), eta Saucillo aldetik datorren beste bide batekin egin dugu topo. Sakan horretatik dator. Orain dena eskuineruntz, bidea jarraituz.

 Eta bapatean, tontorra agertzen hasi da. Hemen oraindik bidea lasaia da.

 Baina hodeiak hor dabiltza joan-etorri.

 Dena dela, ondo ikusten dugu azken zatia. Hori izango da gaurko gogorrena. 200 bat metroko igoera tentea.

 Mendiaren oinean Harkaitzezko Pilar dotorea dago, Tolox-eko Pilarea eta bertan iturri hau. Edateko ona ez dela dio.

 Eta azkenengo aldapan. Bidea ona hemen ere, baina azkenengo zatian zerbait izurratuta dago eta tenteagoa bihurtzen da. Baina ez dago arazorik. Erkametzek ea goraino lagunduko digute.

 Tontorrera heltzeko azkenengo zatian.

 Málaga-ko kostaldea ikusten da hodeien azpian.

 PICO TORRECILLA (1919m). Tontorrean ez daukagu hodeirik, baina inguruak nahiko estalita daude. Hiru bat ordutan behetik.

 Tontorrean dagoen koadernoa begiratzen. Gustora.

 Jaiotza txiki bat izkutuan.


 Tolox herria, barnealdean.

 Eta hau kostalderuntz. Orduerdi bat egin dugu goian, lasai, bakar bakarrik.

 Beheruntz. Hemen dago aldapa gehien. Bi biologorekin egin dugu topo. Inguru hauetako landareak aztertzen ari dira.

 Basahuntza taldea gure azpitik pasatzen.

 Tolox Pilarean. Iturriaren gainean eta harkaitzezko hormetako kobazulo batean Virgen de las Nieves dago kokatuta.

 Eta elurzulora itzultzen gaudela, Torrecilla tontorra orain garbi gure atzean. Orain gurutzatuko gara goruntz doan atzerritar bikote batekin.

 Bidegurutzea. Hemen elkartzen dira lehen aipatutako Saucillo-tik datorren bidea eta Quejigales-ekoa. Laster helduko gara elurzulora.

 Elurzuloa. Hemen utziko dugu igoeran ekarri dugun bidea, eskuinean, eta gu beheruntz zuzenean. Ez dago ezer bide hau adierazteko, mugarri bat bakarrik. Baina erreferentzia badaukagu eta animatu gara. Jeisten hasi eta berehala agertzen da bidea.

 Hemen ez dago egurrezko balizarik bestean bezala, baina bai mugarriak, eta ondo jarraitzen da bidea. Cañada de las Animas-era sartzera goaz, eta hemen ere dago pinsapar ederra.

 Pinsapo handia.

 Eta beheruntz. Jetsiera polita da, behera heldu arte.

 Basotik atera eta loraz betetako zelaietatik, pistara atera arte. Pista izango da gaurko tarte "pendejoena". Pista jarraitu eta Quejigales-era aterako gara.

 Lora eta landare dotoreak badaude eta horrela bukatuko dugu ibilaldia. Sei ordu eta laurden inguruko itzuli ederra izan da. Asko gustatu zaigu. Merezi du benetan.

 Behin kotxean pistatik behera goazela, Cortijo de la Nava aldetik, Torrecilla ondo ikusi ahal izan dugu. Orain berriz Ronda-ra, bertan afaldu eta lo egitera. Bihar, Granada probintziara, bertatik Málaga-ko mendi altuena igotzeko asmoz.

Ibilbidea hemen