Menua

ALPES

2022/12/25

LA PADIORNA 2319mt. Zirkularra Fuente Dé-tik. La Celá kanaletik igo eta Tornos de Liordes-etik jetsi.

 

Fuente Dé-tik goimendietara igotzeko hiru bide ondo ezagutzen ditugu. Hauek, Liordes-eko Tornoak, Jenduda kanala eta Hachero dira. Baina beste bat badagoela (akaso egongo da artzaien beste bideren bat...) entzun genuen duela urte batzuk. Bestalde, teleferikoan igotzeko aukera dago, baina hau gero eta gutxiago gustatzen zaigu. Eta urteak pasa ondoren, ezagutu behar genuela iruditu eta larunbat arratsaldean Espinama-ra joan gara lo egitera.

 Hurrengo egunean (2022-09-04) Fuente Dé-n gaude goizeko 7:30ak baino apur bat lehenago oinez hasteko prest. Padiorna erdian ikusten dugu, Liordes-eko tornoen gainean, eta Remoña ezkerrean. Eskuinean, gainditu behar dugun horma.

 Eguzkia Remoña-ren hormetan.

 Bagoaz goruntz eta Remoña gorritasuna galtzen hasi da. Eguraldi bikaina daukagu. Egin behar dugun ibilbidea egiteko beharrezkoa.

 Pasa dugu jetsieran erabiliko dugun Liordes-eko bidegurutzea eta orain Hachero bidea jarraitzen ari gara.

 Hemen, Hachero bidea utzi eta ezkerrera hartuko dugu, Jenduda aldera printzipioz.

 Jenduda-ren hasierara igotzen. Hau ezaguna da oraindik. Behean ikusten da Hachero bidea.

Bagaude Jenduda-ren azpian, baina gaur ez gara sartuko hortik. Ezkerrera goaz, hormen azpitik. Hemen hasten da gure gaurko abentura!

 Celá-ra hurbiltzen. Fuente Dé-ko errepidea behean.

 Hau da Celá. Egokiena, eskuineko hormen ondotik igotzea da. Toki batzutan bidezidorra ere somatzen da. Hori bai, aldapa handia eta zenbat eta gorago handiagoa. Bestela ez du zailtasunik.

 Pare bat meatze sarbide daude hormetan. Hau da baten sarrera. Fuente Dé-ko hormetan lan oso gogorra egiten zen garai batean.

 Lasai hartu behar da igoera hau. Asko errepikatzen gara, baina hemen ere bakarrik goaz.

Lehen esan dugun bezala, zenbat eta gorago eta aldapa tenteagoa. Hemen ea lau hankatan igo behar da.

 Kanaletik irteten ari gara eta Fuente Dé-ko horma guztiak ditugu atzean.

 Bretxara heltzen. Nahiz eta argazkiak ikusi, badaukagu zirrara apur bat aurrean daukaguna ikusteko. Dena dela, lehenbiziko zatia eginda.

 Eta hau da bretxaren aurrean daukaguna. 70bat metro jetsi behar da, eremu tente eta labainkorrean, gero beste aldean ikusten den bidezidor estutik igotzeko. Kontutan hartu behar da, ezkerrean Liordes-eko bidea dagoela azpian eta hortik jendea dabilela. Beraz, oso adi ibiltzeko tokia.

 Jetsi ondoren egin behar duguna gutxi gorabehera. Padiorna ezkerrean. Eremu basatia erabat.

 Bretxatik jeisten. Ez da zaila, baina lokatz apur bat eta hezetasun handia daude. Beraz, adi.

Bidezidor labainkorretik behera. Ezkerreko hormek segurtasun apur bat ematen dute.

 Peña Remoña gertu baina Liordes-eko tornoen beste aldean.

 Argazkiaren eskuinean, amildegi galanta dago, Liordes alderuntz.

 Hormen segurtasuna bilatzen. Hau da toki delikatuena. Atzean, bretxa.

 Remoña eta Liordes-eko tornoen bidea behean. Amildegi ederra dago hemen.

 Hau da jetsi berri duguna. Harrigarria hemendik ibiltzea.

 Beste aldeko igoeran. Hemen ikusten den mugarrian gure eskuinera hartuko dugu eta beste pasabide delikatu bat aurkituko dugu. Remoña atzean.

 Hau da pasartea. Estua da eta toki batean hormak beheruntz jaurtitzen du, eta behean amildegia dago. Baina lehorra dago eta ondo igaro dugu.

 Atzera begira, bretxa eta jetsiera.

 Sotordollu aldera irteten. Gainditu dugu Celá.

 Hemendik aurrera rebekoen festa hasiko da. Ez genuen garbi orain zer egin, helburu nagusia Celá izanda. Hemen goian dauden tontorrak denak ezagutzen ditugu eta hasiera batean Torre de Altaiz igotzea zen aukeretako bat. Horrela ba, Padiorna-ra joan beharrean zuzenean, San Luis kanaleruntz hartu dugu. Remoña-Alcacero atzean.

 San Luis kanalera heldu arte ez dugu bi hankakorik ikusi. Hauek bai ugari.

 Sotordollu-ko "jou"ak igarotzen, San Luis kanaleruntz. Remoña atzean.

 Canalona aldea, picos de Santa Ana, Horcados Rojos. Urrieles mendikateko tontor eta inguru ezagunak.

 Torre de Altaiz aurrean. Hemen erabaki dugu San Luis kanaletik goruntz hartzea eta Padiorna-ra joatea. Bestela, itzuli guztia eta ondoren Elgoibarrera bueltatzea gogorra egingo zaigu.

 Horcados Rojos eta Picos de Santa Ana. Horien azpitik doa Cabaña Verónica-ko bide ezaguna. Hor egongo da prozesioa...

 Gu bitartean, bertako biztanleak agurtuz.

 Sartu gara San Luis kanalera. Hemen hasiko gara mendizaleak ikusten. Liordes-era edota Collado Jermoso-ra joateko bidea da hau.

 Gure norabidea harkaitzean margotuta.

 San Carlos ezkerrean eta Torre de Altaiz eskuinean. Mundu minerala... Aukera gehiago!

 Horcadina de las Nieves-eruntz. Atzean, San Carlos eta, ezkerrean, Torre del Hoyo Oscuro. Igoera ederra daukate hemendik biek ala biek.

 Padiorna. Hemendik itxura lasaia dauka eta igoera horrela da. Bezperan Espinama-ko ostatuan ezagutu genuen eta eskamentua duen Irungo mendizale talde eder bat dabil hemen. Hauek Liordes-etik igo eta orain Jenduda-tik jeistera doaz. Bikaina hauena ere!

 Baina protagonista nagusiak rebekoak dira. Colladina de las Nieves erabat kolonizatuta daukate.


 Hortik berehala igotzen da PADIORNA-ra (2319m). Bere oinetan Liordes eta Torre Salinas-Olaverria-Torre del Hoyo de Liordes-Torre del Friero. Eskuinean, atzean, Cornión-eko Bermeja.

 Eta Pikosetako erregea, Peña Santa.

 Picos de Santa Ana eta Peña Vieja-rekin.

 Liordes eta bere zaindariak eta Peña Santa eskuinean.

 Horcadina de las Nieves-en berriz. Orain aurreruntz joango gara, Liordes-era jeisteko, zirkularra eginez.



 Liordes ibarraren gainean. Inguru ederra da hau ere. Baina zein ez Pikosetan?

 Sedo de la Padiorna-ren bila. Atzean, Horcadina de las Nieves eta Padiorna.

 Heldu gara bidegurutzera. Gu orain eskuinera, baina behera, Padiorna-ko sedotik behera.

 Eskuinetik doa Collado Jermoso-ra doan bidea, Colladinas igaroz. Erdian Llagu bajeru eta Asotín kanala. Atzean, Bermeja eta Peña Santa.

 Liordes-eko ibar osoa zeharkatzen. Han aurrean hasten da tornoen jetsiera bortitza.

 Agur esaten Liordes ibar ederrari eta zaindariei.

 Tornoen sarrerara hurbiltzen. Padiorna-ren hormak ezkerrean.

 Hainbat aldiz igarotako tornoetatik behera.

 Goizian han goitik pasa gara. Zirraragarria!!!

 Ondo ikusten da hor dagoen amildegia. Gezurra dirudi ze bide dauden inguru hauetan...

 Gure abiapuntua eta helmuga, Fuente Dé. Atzean, Pido herria, Coriscao, Peña Prieta aldea,...

 Eta Fuente Dé-ko aparkalekutik, igotzeko jarraitu dugun Celá-ren ibilbidea. Erdian, Jenduda. Ea 9 orduko ibilaldi gogor baina oso interesgarria egin ondoren, orain etxerako bidaia geratzen zaigu. Bidean, Pikosetako produktuen dastaketa egingo dugu, nola ez. Gustora goaz. Garai batean askotan joaten ginen Pikosetara. Orain berriz, gutxiago, baina denbora pasatzen denean joan gabe, beti aurkitzen dugu aitzakiren bat joateko. Asko gustatzen zaizkigu!

IBILBIDEA



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina