Menua

ALPES

2019/11/23

GARGANTA DE BORAU / PICO LECHERIN 2570 mt Aisatik

2019-10-12 Aspalditik genuen Garganta de Borau mendira itzultzeko. Pirinioetan igotako lehenbiziko tontorretako bat izan zen 1981an, oraindik oso gutxi ezagutzen genueean Pirinioa, eta ordutik, nahiz eta ondoko mendietan askotan izan, itzuli gabe geuden Borau-ra. Horrela bada, Aisa-tik gora datorren pistaren bukaeran utzi ondoren kotxea, Napazal haranaren hasieran gaude. Hau da daukagun panoramia!


Tarteka euri txikia ari dela hasi gara Asperuntz doan bidetik gora. Apenas dabil mendizalerik. Itxaropen gutxirekin, baina goruntz goaz. Laster utziko dugu Aspe-ra doan bidea eta eskuinera hartuko dugu, Rigüelo sakanera sartzeko.

Sartu gara Rigüelo haranean eta izen bereko tontorra daukagu ikusgai aurrean. Gainontzeko guztiak estalita daude.

Aisa bretxa eta Aspe ezkerrean. Gure asmoa horra joan eta ondoren bretxatik eskuinera joatea zen, Sombrero-tik pasa eta gure mendian iparraldean dagoen "bira" batetik igarotzea gero tontorrera igotzeko. Baina garbi dago gaurko egoeran hori ezinezkoa dela. Euria ari du, dena bustita dago eta ez da ezer ikusten. Beraz, Lecherines leporuntz goaz, ea zortea daukagun.

Rigüelo-ren hormen azpitik gora, aldapa nahiko tentean. Atzean, Petrito eta Mesola aldea garbiago dago.

Mallos Lecherines, izkutaketan jolasten.

Tarteka bere burua erakusten dute.

Poliki, poliki goruntz, ea noraino heltzen garen.

Momentu batean Aspe azaldu zaigu gure ezkerraldean.

Eta Borau-k ere nahi du bere burua erakustea. Lecherines lepoa eskuinean.
Lecherines Malloak.

Lepora heltzen gaudela berriz sirimiria hasi da.

Heldu gara Lecherines lepora eta Malloei begira gaude. 1981an, Borautik jetsi ondoren, gure gaztetako oharkabetasun atseginean erdiko Mallora igo genuen, inongo materialik gabe eta susto galanta pasata jeisterakoan. Akaso horregatik ez gara bueltatu hona...

Lepoan eztabaidatzen egon ondoren, saiatzea erabaki dugu. Atertu egin du berriz eta nahiz eta baldintzak ez izan oso onak gora goaz.

Hormara heldu garenean, mugarriak jarraitu beharrean, erdian dagoen tximinia zabal batetik gora hartu dugu, hodei artean, harkaitz zuriak trepatzen.

Behin harkaitz zurien zatia igo, gure ezkerretik datozen mugarriekin egin dugu topo eta hauek jarraituz jarraituko dugu gora.

Ertzera irteteko belarrezko zati bat igaro behar da eta dena bustita dagoenez, adi ibili behar da.

Ertzetik gora. Ikuspegiak, zero.

Tontorrera heldu baino lehen, Lecherines lepotik gora zuzenean datorren kanala zeharkatu behar da.

Lehenbiziko tontorra atzean utzi eta tontor nagusira goaz harkaitz bustietan kontuz ibiliaz.

PICO DE LA GARGANTA DE BORAU edo PICO LECHERIN (2570m). 38 urte beranduago heldu gara, nahiz eta ezer ez ikusi.

Tontorra. Gurekin orduan hemen egon ziren lagun on batzuk jadanik ez daude gure artean... Oroimen gazi-gozoak.

Ez da giro goian eta berehala hasi gara jeisten.

Igotzerakoan baino kontu handiagoarekin. Ez da mendi zaila, baina adi ibili behar da. Beti bezala, dena dela.

Ertzetik behera.

Ertza utzi eta belarra eta harkaitza tartekatuta dagoen goiko kanal zabaletik behera.

Harkaitz zurietara heldu garenean, igoerako tokitik jetsi beharrean, mugarriak jarraituz, zuzenean gora doan kanalera gatoz. Destrepea kanalera jeisteko.

Kanalera jeisteko azkenengo pausoak.

Inguru errazagoa, hormen azpian. Tontorra erdi estalita.

Lecherines lepoan beste bikote batekin egin dugu topo. Zalantzak zituzten igo ala ez, eta gurekin hitzegin ondoren goruntz abiatu dira. Gainera, badirudi garbitzea nahi duela...

Hori da guk egindako gutxi gorabeherako ibilbidea. Tontor nagusia ezkerrekoa da.

Orain igoerako sakanetik jetsi beharrean, Malloen ezkerreko sakanetik behera hartu dugu, Lopez Huici aterpera jeisteko, ez baitugu ezagutzen.

Moai erraldoi bat.

Malloen azpian, baina igoerako beste aldetik. Ez da terreno erosoa, alborantz makurtze asko duelako. Eremu errezenak bilatzen joan behar da, mugarririk ez baitago. Zorionez, eguraldiak hobetzeko joera du.

Belar eta harkaitzez osatutako mazelak zeharkatzen.

Behean ikusten dugu aterpea eta Madalena mendilerroa bere gainean. Ezkerreko zulora jetsi gabe, diagonal antzeko bat gaude egiten altuera gehiegi ez galtzeko. Zati nekagarria.

Artaldea aterpea baino beherago dauden larreen bila.

Oraindik Malloen azpian. Gure tontorrak estalita jarraitzen du.

Lopez Huici aterpe irekia. Espeleologo talde bat dago orain eta gela guztiak dituzte hartuta.

Aterpera heltzen.

Aterpe ondoan dauden balizak.

Atsedena hartu dugu aterpean, jan eta edateko. Hauek dira aurrean ikusten ditugun mendiak. Collarada eta gainontzekoak hodeipean daude.

Aterpetik GRa jarraitzea geratzen zaigu. Rigüelo lepora igo, hamar bat minutu dira pista lasaitik gora, eta handik Rigüelo haranera jetsi, igoerako bidearekin topo egitera.

Rigüelo lepotik atzera begira, aterpea eta Moleta mendia erdian. Collarada eskuinean, erabat estalita.

Aterpetik lepora datorren pista. Malloen buru beltza agertzen da ezkerrean.

Rigüelo aldera begira lepotik, Llena de la Garganta, Aspe eta Rigüelo mendia. Hemen hodeiak saretu egin dira.

Bide sigi-sagatsu baina erosoa Rigüelo lepotik behera.

Aspe eta Xaguzaharren Ertza eskuinean.

Azkenean ibilbide zirkular dotorea ari zaigu ateratzen. Ez genuen asko usten hasieran.

Aspe eta Aisa-ko bretxa

Lecherines Malloak eta gure tontorra, erabat garbitu gabe. Bagaude Rigüelo haranean. Ordu batzuk lehenago hortik igo dugu, euripean eta itxaropen gutxirekin.

Garganta de Borau, Mallos Lecherines eta Rigüelo mendia eta harana.

Rigüelo lepotik behera, GRaren bidea.

Udazkeneko tonoak Estarrún ibaiaren ertzetan. Sei orduko ibilbide zirkularra bukatzera goaz. Ez dugu egin genuen plana, baina gustora gaude egindako zirkularrarekin.

Eta presarik ez daukagunez, Borau herritik gertu dagoen San Adrián de Basabe baseliza ezagutzera etorri gara. Interesgarria.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina