Menua

ALPES

2019/10/02

TUCA BLANCA DE PADERNA 2846mt. Hirumilakoen itzalean.


2019-08-18 Benasque-tik gertu dagoen SAHUN herrian egin dugu lo. Hau da bertatik ikusten dugun egunsentia, Chía mendilerroarekin.

BENASQUE-KO BAINUETXEA (1680m). Gure gaurko abiapuntua. Goizeko 8:30ak dira. Renclusa-runtz doan bidea jarraituko dugu metro batzutan, ondoren ezkerreko mapan ikusten den Fuens de Alba bidea hartzeko.

Haranaren beste aldean Lliterola eta Perdiguero-ra doan mendilerroa.

Berehala utzi behar dugu Renclusa-ra doan GRa eta eskuinera hartuko dugu. Izango ote gara nahiko "adituak"?

Hasieratik aldapa oso gogorra da eta bidezidorra nahiko labaingarria, baina ondo jarraitzen da.

Bidea Turonet de Alba sakanera sartzen da. Bere eskuinetik jarraituko dugu, trepada batzuk eginaz.

Tarte batzutan, hiru zatitan, burdinezko kableen babesa daukagu. Igoera gogorra eta eremu hauetan ohituta dagoen jendearentzat.

Hau da kanalaren irteera. Baños de Benasque oso behean ikusten dugu. Denbora gutxitan metro asko igotzen dira hor.

Igoera apur bat lasaitzen da hemen.

Altuera hartzen ari gara eta Posets ikusten dugu agertzen atzean.


Hauek gertuago ditugu, Remuñe haranaren gainean.
Orain hobeto ikusten dugu Posets. Bere ezkerrean, Espadas-era doan ertza eta eskuinean, Carrive bretxa eta Gemelos-Veteranos.
Maupás eta Boum. Bi mendi eder, igoera oso interesgarriekin.
Alba lakura igotzen gaude eta atzean Maupás-Boum-Malh Barrat-Mall Pintrat mendilerroa.

Alba-ko beheko lakura heltzen (2246m). Goian Pico de Alba eta "gendarmeen" ertz ezaguna. Honerarte bakarrik ikusi dugu jendea. Gehienak Pico de Alba-ra igotzera doaz (badakigu hirumilakoek duten arrakasta), beste batzuk hemen egon eta berriz beheruntz. Hemendik gora bakar bakarrik ibiliko gara berriz aparkalekura jetsi arte. Non dago masifikazioa?...

Toki ederra da.

Atseden txiki bat. Ondoren datorrena oso bortitza baita.

Pico de Alba-ra doazen pintura markak jarraitu ditugu lakuaren beste aldera igaro arte. Hemen, markak utzi eta gure eskuinera hartuko dugu, inongo arrastorik gabe, harkaitz eta belarrez osatutako pendiza oso handian. Tarteka mugarri solteren bat agertzen da, ondo goazela segurtatuz.

Hemen ez dago atsedenik. Dena gora!

Atzera begira, Alba-ko beste laku bat ikusten dugu, "gendarmeen" ertzaren babesean.
Hau da Benasque haranaren beste aldean daukaguna. Guk hemen, bakardade itzela!
Lakua oso behean geratzen da. Eguraldi aparta daukagu eta honek segurtasun handia ematen digu.

Gora begira. Gailurra oraindik irtengune horien atzean dago, gorago, eta ez dugu ikusten. Hemen eskuinera zabaltzen den pendiza horretatik joango gara.

Aurreko pendiza igo ondoren agertu zaigu tontorra. Baina oraindik falta da... Eskuinean sumatzen den leporuntz joan behar gara, hormen azpitik.

Eguzkia hartzen, gustora.

Izena ondo jarrita dauka, Tuca Blanca. Eskuineko leporuntz joango gara, baina bertara heldu gabe.

Eskuinean, oso gertu, Pico de Alba. Hor badabil jendea eta beraien ahotsak entzuten ditugu tarteka.

Hormen azpiko zeharkaldian, harri fin eta labainkorreko eremuan. Atzeko panorama izugarria da: Bachimala ezkerrean, Perdiguero-Lliterola-Crabioules-Maupás-Boum-Malh Barrat-Mall Pintrat.

Lehen aipatutako lepora heldu baino lehen, gure mendiaren hormetan oso nabarmena den kanal-tximinia batetik gora hartu dugu. Hasieran apur bat estua da eta gero zabaldu egiten da. Tentea da eta eskuak erabili behar dira, baina nahiko erraza da.

Banaka igotzen ari gara, harri solte asko baitago eta segurtasuna da nagusi.


Kanaletik atera ondoren tontorra nahiko gertu dago, baina adi jarraitu behar da, kristala dirudien harri zuri artean. Atzean, Pico de Alba eskuinean, Muela eta Diente de Alba erdian eta Picos Occidentales de la Maladeta eskuinean.

TUCA BLANCA DE PADERNA (2846m). 12:15ak dira. Atzeko panoramia, nola ez, izugarria. Posets-etik Mall Pintrat-eraino, lehenago aipatuta dauden mendi ezagunak. Gozatzeko momentuak...
Maladeta-Pico de la Rimaya-Picos Occidentales-Diente eta Muela de Alba-Pico de Alba. Denak hirumilakoak, baina gehienak gutxi bisitatuak.

Forcanada eta Aran haraneko mendiak, eta gehiago...

Pico de Alba.

Salvaguardia eta Pico de la Mina, Benasque mendatea dutela erdian.

Pic d'Estaouas, Sacroux eta Gorgutes lakua.

Maladeta

Tontor estua eta nahiko "aereoa".


Perdiguero.


Tontorreko irtenguneak destrepatzen. Harkaitz oso fina da eta adi ibili behar da, baina ondo jeisten da.

Kanala goitik ikusita. Orain, igoeran bezala, banaka jetsiko gara, lehenbizi batek zati bat, babestu eta ondoren bestea.



Kanal guztia jetsi ondoren, behetik gora begira.

Lakutik gora ikusi dugun biztanle bakarra.

Espadas-Posets-Gemelos-Veteranos, Bardamina,...

Tontorrari agur esaten. Beheragotik ez da batere ikusten. Igoerako toki beretik ari gara jeisten.

Lakua ikusten dugu baina oraindik geratzen zaie sufrimendu apur bat belaunei.

Alba-ko lakuak eta Posets atzean. Non zapaltzen dugun ondo begiratu behar da.

Jetsieran ere atseden laburrak hartu behar ditugu tarteka.
Lakuaren gaineko azkenengo pendizak. Hemen elkartuko gara Alba-ra doan bide balizatuarekin. Pintura markak ikusten dira.
Orain lakua zeharkatuko dugu eskuinetik.

Gustora hartzen da hemen dagoen lasaitasuna.

Orduerdi egon gara hemen, oinak uretan sartu, jan, edan,... , gozatzen!

Pico de Alba. Lakuaren beste aldean eskuineruntz doa Alba-rako igoera, eta ezkerrera gurea.

Agur esaten toki eder honi. Lakua, Alba tontorra eta 15 "gendarmeen" ertza.

Turonet de Alba-ra jeisten, Lliterola-ko mendiak ditugula aurrean.

Turonet-era jeisteko haran lasaiagoa eta Lliterola eta Posets aurrean.

Erdiko muino horretara helduko gara, gero hortik Turonet-eko sakan bortitzera sartzeko.

Kableak dauden tokiak destrepatzen sakanean. Zorionez bakarrik goaz eta ez daukagu harriak erortzeko arriskurik.

Igotzeko gogorra bada, jeisteko ere ez da gutxiago.Poliki, poliki, oinak ondo aseguratzen.

Azkenengo metroak "expertoentzako" bidean. Egia esan, gogorra da. Baina oso interesgarria. Tontorra bera oso dotorea da. Gustora ibili gara. Ondorio bezala, badaude Benasque-n toki eta tontor ugari oso bakartiak (nahiz eta abuztuaren erdian egon) eta ezagutzea merezi dutenak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina