Menua

ALPES

2018/01/24

PICO RUSSELL 3207 m. Hiru tontor.

2008-08-04 Benasque-n gaude. Ballibierna-rako busari buruzko informazioa behar dugu, bihar goizean bertara igotzeko. Guretzat berriak diren hirumilako batzuk igotzeko asmoa daukagu. Familian gainera.

Gaua Castejón de Sos-eko Pájaro Loco ostatuan igaroko dugu.


2008-08-05 Goizeko 6retan Coronas zubian gaude gosaltzen, Ballibierna haranean. Lehenengo busa hartu dugu Benasquen. Busa beteta etorri da, baina ea denak Anetora dihoaz. Gu hirurok eta beste bikote batek bakarrik hartuko dugu Llosás aldera.

Argitu du eta Llosás-era goazela hor ditugu Ballibierna-ko bi gailurrak erdian.

Ballibierna-ko paisaia.

Bidegurutzea. Gaur ezkerrera hartuko dugu, Llosás aldera.

Pleta de Llosás-en. Goian, Aneto-Tempestades-Margalida (hauek ezagutzen ditugu), eta eskuinean gaurko helburua, Russell.

Ballibierna gailurrak eskuinean geratzen dira. Hor ere egonda gaude.

Pleta de Llosás behean utzi dugu eta lakura igotzen ari gara.

Heldu gara Llosás-eko lakura. Goian, Llosás-eko orratzak.

Argarot-Tchihatchef-Franqueville. Llosás-eko orratzak.

Llosás-eko laku ederra.

Errododendroak bidean.

Russell-en hormen azpira igotzen ari gara, bide zehatzik jarraitu gabe, intuizioz eta noizbehinka agertzen diren mugarriak jarraituz. Ballibierna tontorrak gero eta dotoreagoak gure eskuinean.

Elurgune batzuk igaro behar izan ditugu, baina nahiko ondo heldu gara Russell nagusira igotzeko hartu behar den "birara". Beste bikotea ere hona dator. Gero tontorrean elkartuko gara, eta kasualitatez, Debako bikote ezagun bat da. Ballibierna atzean.

Llosás-eko orratzen altueran gaude. Beraien atzean Posets agertzen da.

Russell-erako digonalean sartzera goaz. Atzean Tempestades gailurra eguzkitan.

Trepada erraz batzuk egin behar dira bira-diagonalean. "Anbiente" dotorea.

Diagonaletik irteten.

Behin goiko aldean, hor ditugu Aneto, Tempestades, Margalida eta guk jeisterakoan igoko dugun Punta Brecha Russell. Goi Pirinioa!

Igo dugun diagonala erdiko zuloan, itzalean. Atzean, Aneto-Tempestades eta atzerago Perdiguero mendikatea.

RUSSELL tontor nagusian (3207m). Atzean, Hegoekialdeko tontorra. Laster joango gara bertara, ertz dotore hori igarota.

Maldito tontorrera doan Cregüeña-ko ertza lehenbiziko planoan, eta Seil dera Bacquo-Portillón-Perdiguero-Lliterola-Crabioules atzean.

Hirurok tontorrean. Atzean, Aneto-Tempestades-Margalida.

Helikopteroa agertu da bapatean igo dugun tokitik. Praktikak egiten daudela uste dugu.

Aita-semeok Hegoekialdeko tontorrean (3205m), tontor nagusitik ikusita. Sei tontor edo omen ditu Russell-ek (hirumilakoen zerrendan). Gu erdiarekin konformatuko gara. Ez daukagu bildumazaletasunik...

Bigarren puntan gaude lehenengotik ikusita, eta hau da joan-etorrian ibiliko dugun ertza. Aereoa zenbait tokitan.

Lora polit eta koloretsuak ere badaude hainbeste harkaitzen artean.

Joan-etorria egin ondoren, hirugarren tontorrera igo dugu, Punta Brecha Russell-era (3192m). Atzean, Margalida eta Salenques ertza.

Margalida hemendik oso espektakularra ikusten da. Salenques ertza eta glaziarra.

Salenques, Barrancs, Mulleres, Forcanada,...

Putreen balleta ikusteko aukera ere daukagu.

Mendizaleak Tempestades gailurrean, eta Aneto atzean, bere ohiko jendetzarekin.

Margalida-ren tontor estua. Duela urte batzuk egon ginen hor.

Gustora ibili gara goian, baina jeisteko ordua da. Diagonalera sartzen.

Toki batzutan oso tentea da, baina ez da zaila.

Akrobaziaren bat egiten.

Diagonalaren beheko aldean.


Igoerako inguru berberetik jetsi dugu Margalida eta Tempestades-en azpian dagoen harritza eta belar eta errododendroak dauden inguru lasaiagora heldu gara.


Llosás-eko laku txikia inguratzen. Hemen bidezidorra daukagu. Eskertzen da, hainbeste harkaitz artean ibili ondoren.

Llosás-eko laku ederrean. Goian orratzak.

Ballibiernako errekaren ondoan, urjauzi politak ikusten.

Garaiz heldu gara Benasque-ra itzultzeko autobusa hartzera, baina hori bai, kola egin eta azkenean ea borrokan ibili gara tokia hartzeko. Pozik gaude. Irteera oso interesgarria, tontor berriak guretzat eta familian. Gozamena!
1, 2 eta 3 dira igo ditugun tontorrak. Egindako ibilbidea urdiñez.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina