Menua

ALPES

2016/03/28

LAGO DEL VALLE (Somiedo)



2016-03-20 Aste Santua dator. Lau egun ditugu Somiedo-Babia aldera joateko. Nahiz eta eguraldiaren iragarpena txarra izan, lehenengo eguna zerbait aprobetxatzeko, goizeko seiretan atera gara etxetik eta 11ak aldean Somiedoko Valle de Lago-ko L'Auteiro auzoan gaude. Lainotuta dago erabat, baina oraingoz aterri. Auzo hau 1200 metroko altueran dago eta Lago del Valle-ra joateko abiapuntua da.
L'Auteiro bertatik erabat elurtuta dago eta erraketak oinetan egingo dugu joan-etorri guztia.

Esan bezala, oraingoz aterri dago baina ez da ezer ikusten. Dena dela bagoaz. Mendizale gutxi batzuk dabiltza, gu bezala, baina ez dago normalean egoten den prozesiorik.


Somiedoko eraikuntza tipikoak, teitoak. Teitoa berez txabola hauek duten isatsezko estalkiari deitzen zaio, baina hedaduraz, txabolari esaten zaio.

Ba hori, gogoeta bat besterik gabe.


Lakura heltzeko, bi bide nagusi daude, bata "eguzkikoa" eta bestea "itzalekoa". Gaur ez daukagu aukeratzeko arazorik, biak baitaude berdin.

Elurrik gabe, 6 km luzera eta 340 bat metroko garaiera aldea dituen pasiada dotorea da. Gaurko baldintzetan, ez da hain erraza. Gainera, elurra eta euria ditugu lagun.


LAGO DEL VALLE. Hau da ikus dezakegun guztia.

Duela 16 urteko Aste Santuan ere bertan egon ginen, eta nahiz eta eguraldi exkasa izan orduan ere, gutxienez lakua eta inguruak ikusteko aukera izan genuen.


Gaur aldiz misterioa... Ahate batzuk ikusi ditugu eta besterik ez. Baina Hartz, BraƱa eta Artzaien parajeetan egoteak badu bere enkantoa.

Toki beretik egingo dugu jetsiera, nahiz eta teito berri batzuk ikustera hurbildu.

Goiko aldean elurra zena, auzora hurbiltzen gaudela euria bihurtu da, eta erabat bustita heldu gara L'Auteiro auzoko aparkalekura. Lau orduko ibilaldia izan da eta nahiz eta paisaia gutxi ikusi, eguna aprobetxatu dugun sentipenarekin bukatu dugu. Gainera, duela 16 urteko oroipen onak berreskuratzeko aukera izatea bada zerbait.

Gaurko helmuga, Babiako Vega Los Viejos herriko ostatua da. Horretarako Somiedoko Portua igaro behar dugu. 1488 metrotara dago eta izugarrizko elurtea ari da bertan. Gainean bertan dago Santa Maria del Puerto herria.

Izugarria da hemengo egoera. Errepidea elurrezko horma artean eta elurra gogor egiten. Pare bat tokitan elurjauziak igaro behar izan ditugu, baina lortu dugu heltzea.


Hemen Somiedo utzi eta Leoneko Babian sartuko gara. 7 bat km-tara daukagu Vega los Viejos. Izen kuriosoa. Hiru gau pasako ditugu bertan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina