Menua

ALPES

2012/09/03

PIC ESCOBES 2779 mt, PESSONS 2864 mt, MONTMALUS 2781 mt, ESTANYO 2915 mt

Tena aranean egun batzuk pasa ondoren, Andorrara etortzea erabaki dugu. Bertan bi lagunekin elkartuko gara 20an. Tramacastillatik Andorrarainoko bidaia oso gogorra izan da, errepidean 40ºko tenperaturak izan bait ditugu, baina Incles aranera heldu garenean hori dena ahaztu zaigu eta gustora hartu ditugu hemengo altuera eta eguraldi hodeitsua.

1. eguna 2012ko Abuztuak 19

Incles arana paradisua da. Arratsaldako 6rak arte ez dute errepidea irekitzen kotxez sartzeko, eta bitartean ingurua ikusteko aprobatxatzen dugu.

Aranaren sarrerako etxeeek duten dekorazioa.

Incles. Urte asko dira lehenengo aldiz hemen egon ginela, baino enkanto berbera edukitzen jarraitzen du. Atzean, biharko helburua agertzen da, Escobes gailurra. 
Aparkalekuan kotxea utzi eta prestatu ondoren, Juclar-eko aterperako bidea hartu dugu. Bertan pasako dugu gaua.



Aterpera eta lakuetara igotzeko bidea oso eroso eta polita da, landare eta urjauzi artean. Horregatik, egunez jende asko etortzen da lakuetaraino. Ordu hauetan bakarrik goaz.

Aterpea 1. lakuaren ondoan dago. Escobes mendia oso ondo ikusten dugu. Erdiko lepo zabala hartu behar da eta gero eskuinera.



Asmatu dugu hona etortzen gaua pasatzera. Zaindariak bi gazte oso jatorrak dira, tokia ezin hobea eta hiru bikote bakarrik gaude, bakoitza gela batean. Afaria ere oso ona, porroi eta guzti. Gainera, 2300 bat metrotara dago eta gauean ederki freskatu du.

2. eguna Abuztuak 20

Juclar-eko 1. lakua.

Lakua zeharkatu behar dugu, beti pintura horiz adierazitako bidetik, 2. lakura heldu eta bere ezkerretik, erdian dagoen lepora heldu, Albe lepoa. Hortik, Noé-ren malda igo, ikusten den ertzaren ondotik eta bi gailurreen arteko lepotxora joan, azkenengo zatiko "trepada" egiteko.




Juclar-eko bi lakuak atzean utzi eta Juclar-eko lepoa hartu dugu.

Juclar-eko lepotik, Albe-ra goaz. Escobes gailurra eta Zilindroa ditugu gainean.

Albe lepoaren beste aldean, Albe lakua daukagu. Laku ugari dago inguru hauetan.

Noé-ren ertzetik, aterpetik egindako ibilbide ia guztia ikusten da.



Noé eta Escobes-en arteko gailurrerira heldu eta oso ondo ikusten dugu azkenengo igoera. Zirrara apur bat eragiten du duen poseak, baina gero ez da hainbesterako.


Ertzetik trepatzen, Juclar-eko lakuen gainetik. Aterpetik ere ikusiko gaituzte...

Siscar-eko lakuak.
Tontorrean (2779m). Izugarrizko ikuspegia daukagu, nahiz eta egiten duen beroagatik gandua dagoen, eta urrutiko paisaia ez da bereizten, bestela Aneto ere ikusten omen da.

Jeisteko, ertzetik izan beharrean, ezkerreko malda erabili dugu, Anguloren liburuak adierazten duen bezala.


Eta bertan dagoenez, Noé tontorrera igo dugu, eta hemendik horrela ikusten dugu Albe-ko lakua gure oinen azpian.

Juclar-eko 2. lakura jetsi eta goruntz begira non ibili garen ikusten dugu. Orain arte bakarrik egon gara, baina hemendik behera jende askorekin gurutztuko gara.

Aterpetik aranera jeisterakoan urjauziaren gainean dagoen zubian. Hemen elkartu gara gure bi lagunekin. Behera jetsi, eta oinak ibaian freskatu ondoren, ekaitza sortu da eta zaparrada dotoreak bota ditu. Beraz, suertea izan dugu.

3. eguna Abuztuak 21

Atzoko ekaitzaren ondoren, gaur berriz eguraldi oso ona eta Grau Roig-era etorri gara Pessons zirkua ezagutzeko asmoarekin. Lehenengo lakuraino pista bat jarraitzen da, eta bertatik ikusten dugu gailurretatik egingo dugun ibilaldia. Eskuinetik hasi eta ezkerrean dagoen Montmalús-era etorriko gara.



Igotzeko, hemendik eskuinera joango gara, Pessons-eko lakuetatik pasa eta gailurreria egin ondoren, berriz honera jeisteko ezkerretik.




Dozena bat laku edo igarotzen dira, zein baino zein politagoa.



Igo behar dugun lepoaren azpira heldu gara, beti ere GR markak jarraituz. Hemendik gora, aldapa handia dago, baina bidea oso ona da, zeta luzeak egiten bait ditu.


Pessons-eko lepoan gaude. Gertu daukagu Gargantillar edo Pessons tontorra.


Lepotik, igarotako lakuak ederki ikusten ditugu, eta Grau Roig eski-estazioa zuloan.

Beste aldera, Madriu arana, Tossa Plana de Lles mendiaren azpian.

Gaur laukotea gara, eta hemen gaude Pessons tontorrean (2864m). Hemen beste mendizale batzuekin egin dugu topo, euskaldun bikote bat eta atzerritar familia handi bat. Kuriositate bezala, hiru mapa desberdin agertu dira, eta hiruretan mendiaren izena desberdin agertzen da. Itxuraz zalantzak daude gailurreri guztiko zein tontor den Pessons izena duena. Dena dela, hau da zirkoko garaiena eta Pic del Gargantillar bezala ere deitzen zaio.

Ribús tontorrak. Hortik joango gara, euskaldun beste bikotearekin.

Bretxa batetik, Pessons-eko lakuak.

Ribús tontorren ondotik, malda handia duen belarrezko korridorea jetsi behar da, gero berriz gailurreria hartzeko.

Ezkerreko korridoretik jetsi gara, ormak behetik zeharkatu eta gailurrerira irteteko. Hau izan da zailtasun apur bat duen zatia.

Hemen, bide lasaia eta disfrutatzekoa, alde batean Pessons zirkua daukagu, eta bestean, Montmalús-eko lakuak.

Montmalús lakua.


Montmalús tontorrean (2781m). Hemen ere mapa aztertzen.


Tontorretik bere lepora jeisten. Hor bide oso erosoa hartuko dugu, hasierako kartelera eta lehenengo lakura jeisteko.


Lehenengo lakuaren gainean. Horrera, furgonetetan ere igo daiteke, jatetxea dago eta.

"Spa" naturala.
Heldu gara beheko lakura, eta egindako gailurreriaren zati bat daukagu begi-bistan. Hemendik, pistatik jeistea bakarrik geratzen zaigu Grau Roig-en ibilaldia bukatzeko. Zirkular dotorea atera zaigu.

Eta ospatzeko, tragotxoak bertako jatetxe-hotel dotore batean.



4. eguna Abuztuak 22


Eguraldi bikainak jarraitzen du, eta gaurkoan Sorteny aranera etorri gara, Estanyó mendira igotzeko planarekin. Aranaren sarreran dagoen mapa politetako bat. Argi ikusten da toki guztietan, Andorran oso ondo zaintzen dituztela beraien parajeak. Dena dago oso ondo markatuta, kartel dotoreekin, eta gozamena da inguru hauetan ibiltzea.


Hasieran, bidea Sorteny ibaiaren ondotik doa, gero basoaren barnetik, eta gero loraz betetako zelaietatik.




Lakua baino beherago dauden zelaiak. Atzean, Tristaína mendia daukagu Arcalís inguruan.


Estanyó lakua, izen bereko tontorrak egiten duen gailurreri luzearen babesean. Hemen ere, zirkularra egingo dugu, ezkerretik igo eta parean daukagun mendilerro horretatik jetsi berriz lakura.


Gailurrerira irten ondoren, malda handiko bide errazak eramango gaitu tontorrera.

Beste alderuntz, Estany Gran de la Vall del Riu.

Estanyó gailurrean (2915m). Andorrako hirugarrena da, altueraz.

Hau da orain jarraituko dugun gailurreri luzea, eskuinean ikusten den Ferreroles leporarte. Ezkerrean ikusten den mendia, Casamanya da.

Gailurrerian. Erraza eta polita da. Toki batzutan eskuak erabili behar dira, eta honek interes gehiago ematen dio.

Ferreroles lepoan.


Laku ertzean, bainu ederra hartu ondoren.


Beheruntzkoan, oraindik beste begirada bat Estanyó-ri.

Sorteny-ko aterpea, beheko aranean.

La Cortinada herrian, bertako eliza eta etxe dotoreak.


5. eguna Abuztuak 23

Andorratik irten baino lehen, turismo apur bat egiten. Ordino herriko argazki batzuk dira hauek.



Guretzat, Andorra hemen bukatzen da. Behean dagoenak ez dauka zerikusirik honekin. Hau da benetan gustatzen zaiguna, eta oraindik mendi eta aran gehiago badaudenez ezagutzeko, itzuliko garelakoan goaz. Negurako ere, toki aproposak daude, bai eskiekin eta bai erraketekin ibiltzeko. Beraz, beste bat arte!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina