Menua

ALPES

2022/06/28

PUNTA PEÑA CUSTODIA 2409 mt

 
PUNTA PEÑA CUSTODIA Nerinetik.


 2022-04-15 Hemen gaude berriz NERINen. Palazio Hotelean bigarren gosaria egin dugu eta bertako jabearekin hitz egin ondoren, goian oraindik elurra dagoela esan digu. Pistako barreran kotxia utzi, eta erraketak hartu ondoren Cuello Arenas-era doan bidea (ezaguna guretzat) hartu dugu. Goizeko 9:15ak dira.

 Bide polita da, pista apenas zapalduko dugu. Atzean Sestrales eta Peña Montañesa.

 Ezpel artean doa bidea.

 Hemen pista zeharkatuko dugu eta goian ikusten dugu Cuello Arenas. Nahiko zuzen igotzen da hemendik.


 Arenas Lepora heltzen.

 Bagaude lepoan (1880m). Ordu t'erdi apur bat pasata. Aurrean gure mendiaren tontorra atzeko hirumilakoekin erdi izkutuan. Cilindro-Perdido-Pico Añisclo-Añisclo lepoa eta Zuca edo Pico inferior de Añisclo.

Orain Cuello Gordo-runtz. Luzea egiten da.

 Paisaia ikusgarria da. Hauek Añisclo lepoaren eskuinean dauden mendiak dira.

 Gure tontorra eta Perdido. Tontor hau ez da Custodia mendilerroko garaiena, baina hemendik ikusita oso nabarmena eta dotorea da.

 Cilindro de Marboré.

 Góriz-eko Dorrea eta Hiru Sororeak. Cuello Gordo-ra heldu gabe eskuineruntz goaz, erraketak ipinita.

 Badirudi Perdido-ra goazela zuzenean.

 Baina gure helburua askoz apalagoa da, eskuineko tontor hori. Aurreko egunen bateko erraketa arrastoak daude eta ondo baliatuko ditugu.

 Bero egiten du. Gure tontorra eskuinean. Falta zaigu oraindik.

 Hemen elur asko dago oraindik. Arrastoa oso ondo datorkigu. Bakar bakarrik gabiltza gaur ere.

 Mondiceto gure atzean geratzen da.

 Ordesa arroila eta Tobacor atzean orain.

 Sigi-sagak egiten pala elurtuan. Aldapa gero eta tenteagoa.

 Tontorrera 20bat metro falta direnean, arrastoak bukatu egingo dira. Berriz beheruntz doaz zuzenean. Sorpresa bat izan da baina ez da arazoa.

 PUNTA PICO CUSTODIA (2409m). Atzean, Perdido eta Añisclo. Lau bat ordu kotxetik eta 1100metroko desnibela. Luzea izan da, baina tira...

 Dauzkagun bistak izugarriak dira. Sororeak.

 Ordesa arroila. Hodei beltzak inguratzen ari direla ikusten ari gara. Berez ez dago ekaitzik iragarrita, baina apur bat moskeatzen hasi gara.

 Añisclo arroila eta Zuca eta Mariak.

 Góriz Dorrea eta Pico Añisclo edo Soum de Ramond.

 Góriz aterpea eta Soaso-ko zirkoa.

Góriz. Jendea ikusten da aterpera igotzen.

 Bazillac, Roland bretxa eta Casco de Marboré.

 Gero eta hodei gehiago ari dira hurbiltzen.

 Pala jeisteko zuzenean goaz. Erraketekin ondo.


 Marboré-ko puntak eta Cilindro.

 Cilindro de Marboré. Hor oraindik urdin dago.

 Perdido eta Escaleras Bidea.

 Hirumilakoetan garbi dago eta lasai goaz jeisten.

 Tobacor eta Ordesa-rekin.

 Tontorrera begira. Jetsiera zuzena egin dugu.

 Cuello Gordo-ra hurbiltzen Ordesa hobeto ikusteko.

 Goian geratzen da gure tontorra. Cuello Gordon gaude.

 Cola de Caballo eta Soaso zirkoa gure azpian geratzen dira.

 Soaso eta Sororeak.

 Hor behean jende pila dabilela ikusten dugu hemendik. Gu, orain arte bakarrik.


 Sestrales, Añisclo-ko behatoki paregabea. Igoera ederra egin genuen duela pare bat urte. Párdina faxaren sarrera ere ikusten da.  Sestrales igoera  

 Cuello Gordo-tik behera Arenas Lepora jeisten.

 Castillo Mayor eta Cotiella atzean.   Castilllo Mayor igoera Argazki hau atera eta izugarrizko txingorradia hasi du, trumoiz apainduta. Kamera motxilara sartu eta beheruntz berehala. 

 Zorionez ez da tximistarik izan baina blai eginda goaz.

 Nerín-era heldu baino apur bat lehenago atertu du, baina txaparrada potentea izan da.

Ibilbidea bukatzen. Blai eginda heldu gara.

 Arropa guztia aldatu behar izan dugu. Baina Palazio ostatuan jan ditugun ogitartekoak berehala sendatu digute. Ibilaldi dotorea izan da, bakartia, eta tontor oso panoramikoa ezagutu dugu. Beti bezala, oso gustora.

 Eguna bukatzeko ilargi bete ederra ikusi dugu Panticosa aldean gure etxeko leihotik.

IBILBIDEA TRAK