Menua

ALPES

2016/03/30

LAGUNA LAS VERDES eta PEÑA CHABUEZO(1947 m), Torre de Babia-tik.


2016-03-22 Goizeko 9rak dira eta La Ventana Portuan gaude. Gaurko plana Huertos del Diablo mendiak igotzekoa da, baina badirudi Deabruak gaur ez duela nahi bisitarik. Hau da daukagun egoera. Ez da ezer ikusten, eta ez dauka altxatzeko itxurarik. Hamar bat minutu egin ditugu bertan, eta hemen asko  ez dugula "pintatzen" erabaki dugu. Beste batean etorri beharko gara.

Torrebarrio-ra jetsi garenean, Ubiña-ren tontorra agertu da hodei artetik, baina momentu bat besterik ez da izan. Dena dela erabakia hartuta daukagu, Torre de Babia-ra joango gara, gutxienez Laguna de las Verdes ezagutzeko.


TORRE DE BABIA. Informazio panela.
Virgen de los Remedios ermita. Bere alboan aparkatu dugu, eta bertatik hasiko dugu ibilaldia. Goizeko 10:30k dira, eta badakigu berandu dela tontorren bat igotzeko, baina gutxienez lakura igo eta ingurua ezagutzea bada nahiko motibazio. Hemen dena da ezezaguna guretzat.
Herria atzean uzten. Lakura dihoan bidea oso ondo markatuta dago, PRa baita.

Etxe edo baserri ederrak daude herrian.
Herritik irten eta berehala ipini ditugu erraketak, elur asko eta biguna dagoelako. Aurreko egunetako arrasto dexente ditugu, baina ez dago galtzerik. Aurrean, hodei artean, La Cervata mendia ikusten dugu. Eguraldia oraindik nahiko beltza dago.



Erraketarik gabe dihoan bikote bat aurreratu dugu. Beste inor ez dugu ikusiko egun guztian.

Las Verdes artegia eta Chabuezo mendia. Oraindik ez genuen pentsatzen gero bertara igoko ginenik. Mendiak erabat estalita daude eta ez du ematen altxatuko duenik.

Artegitik gora daude malda handienak, baina erraketekin ondo goaz. Atzean ere hodei beltzak.

Montihuero-ren hormen azpian gaude. Gutxi geratzen zaigu aintzirara heltzeko. Aurrean, eskuinean, Las Coloradas mendia. Orratzaren azpian kokatzen da lakua.

Aintzirara hurbiltzen. Paraje ederra da hau.

LAS VERDES aintzira, Montihuero eta Las Coloradas-ek sortzen duten zirkoan.

Izoztuta dago ea dena, baina badu bere enkantoa.
Las Coloradas orratza urmaeleko uretan ispilatuta.

Elurtuta ez dauden zatiak. Berez, landaretzak sortutako kolore berdeak ematen dio izena aintzirari, baina gaur berdea ez, txuria da nagusi.


Hau da Montihuero-ra igotzeko dagoen kanaloia. Hogei bat minutu egin dugu zerbait jan eta edaten, eta badirudi orain bai eguraldia hobera dihoala. Igoera erakargarria da baina eguerdiko ordubata da eta berandu dela iruditzen zaigu Montihuero igotzeko. Gutxienez beste pare bat ordu luze beharko genituzke dagoen baldintzetan.

Beraz, beste egun baterako utzi Montihuero eta aurrean daukagun ingurua apur bat ezagutzera goaz. Peña los Años (bezperan beste aldetik ikusi genuena) eta Alto la Sierra mendiak ditugu parean eta Peña Chana de Babia eskuinean.

Aintzira atzean uzten.

Montihuero.

Azkenean, Peña Chana-ren eskuinean dagoen lepo batera igotzea pentsatu dugu, elur malda ederra ikusi dugulako. Atzean, Montihuero eta Las Coloradas.

Lepora heltzeko azkenengo malda gogorretan. Baina elurra ondo dago eta erraketak kendu gabe egin dugu igoera guztia.

Lepora heltzen. Atzean, Las Coloradas.

Lepoan. Esan behar da, orduan ez genekigula zein mendi genituen alboan, bakarrik Montihuero. Gainontzekoak "a posteriori" jakin izan ditugu. Gaurko ibilaldia ez genuen batere prestatuta eta dena izanda momentuan erabakitakoa.

Lepotik gora eskuinean ikusi dugun tontorrera. Behin honera helduta, tontorren bat igotzea pentsatu dugu.

PEÑA CHABUEZO (1947m). ( Hau ere gerora jakin dugu). Picos Blancos-Peña Chana de Somiedo atzean eta Puertos de Cuetalbo behean.


Peña Orniz. Honen beste aldean dago Lago del Valle (Somiedo). Hemen ere posibilitate asko eta dotoreak daudela ikusten ari gara. Gainera elurrarekin asko irabazten dute.

Montihuero- El Picón-Peña Redonda eta Las Coloradas. Hauen atzean geratzen da atzoko Peña Salgueiro.
Picos Blancos eta Peña Chana de Somiedo.


Tontorrean. Eguraldi askoz hobea daukagu eta ikuspegi ederretaz gozatzeko aukera ere bai.

Tontorretik Las Verdes aintzira.

Hau da gure gaurko menditxoa. Atzean Morronegro.

Lepotik behera jeisten. Peña Chana-ren hormen azpian.

Lepoa goian. Elurrezko malda ederrak.

Eta berriz Las Verdes-era hurbiltzen.

Begiak Montihuero-ra dihoaz behin eta berriz. Baina gaur ez da eguna, dexente inprobisatu dugu eta hor egongo da beste baterako.

Honegatik da Las Verdes.

Aintziraren ertzean sortzen den kanal dotorea.


Bagoaz toki eder honetatik.

Orain beste begi batzurekin ikusten dugu Peña Chabuezo. Gaur egin dugun guztia sorpresa bat izan da, baina gustora goaz beheruntz igoerako toki beretik.

Peña Chabuezo Las Verdes artegitik. Azkenean, arratsaldeko 5ak jota heldu gara Torre de Babia-ra. Ez dugu egin gaurko prestatuta genuena, baina mendiko beste egun dotore bat izan da. Badago zer egin eta ezagutu Babian eta Somiedon. Beste bat arte.


2016/03/29

PEÑA SALGUEIRO 2146 mt La Cueta-tik. BABIA (León)

2016-03-21 Goizeko 9ak dira eta La Cueta herrian gaude. Leoneko herri altuena 1460 mt. Ostatua daukagun Vega de los Viejos-etik 5 km-tara dago.

Eguraldi ona daukagu eta herrian bueltatxo bat eman dugu ea norbait ikusten dugun, baina ez dugu inor ikusiko. Badakigu familia bat bakarrik bizi dela bertan, Picos Blancos taberna eta nekazalturismoa daukana hain zuzen. Baina ordu hauetan itxita dago.

Sil ibaiaren iturburuak daude inguruan, baina gu ez gara etorri hori ezagutzera, baizik eta Peña Salgueiro-ra igotzeko asmoarekin.

Gauean hotz handia egin du eta dena dago izoztuta.


Eliza, herriaren gainekaldean.

Herriaren sarreran utzi dugu kotxea, eta 200 bat metro atzera egin ondoren errepidetik, erraketak ipini eta mendira igotzen duen pista batetik hartu dugu goruntz.

Puertos de Vallinaluenga-n gaude. Marra beltzek adierazten dute egin dugun ibilbidea. Hemen, zuzen sartu beharko ginake Vallinaluenga-tik, baina oso estua ikusi dugu eta dagoen elur guztiarekin ez zaigu oso segurua iruditu.

Beraz, ezkerrera hartu beharrean, La Crespa mendiruntz dihoan aran eder hau jarraitu dugu. Hemen elurra oso ona dago, eta nahiz eta ez jakin zer aurkituko dugun aurrerago, hemendik joango gara.

Gure arrastoak, ez dago besterik. Atzean, Somiedo Portuaren gainean dauden mendiak.

Aran zoragarria. Puertos de Vallinaluenga.


Somiedo aldean hodeiak hasi dira sartzen. Cornón-en punta hodeien gainetik.
Penouta mendia, hau ere Somiedo gainean.


Peña Grachera ezkerrean eta Quejo herrira jeisten den arana bere azpian.


Peña Crespa. Momentu batean bertara igotzea pentsatu dugu, baina oraindik urruti geratzen zaigu, eta hemen ere hodeiak sartzen hasi dira.

Muxivén mendia, Laciana aldean.
Zalantza batzuk izan ondoren, atzera egitea erabaki dugu. Vallinaluenga-ren sarrerara heltzen garenean erabakiko dugu zer egin, eguraldiaren arabera.


Gure joan-etorriko arrastoak.

Vallinaluenga-ra itzultzen gaudela, gure begiak Salgueiro-ren ertzera dihoaz behin eta berriz. Sarrioak ere hor dabiltza. Eta ertzetik igotzen badugu?

Nahiz eta nekea somatzen dugun, gora egitea erabaki dugu. Badirudi baten bat dagoela goian guri deitzen... Horrela ba, erraketak motxilan ipini eta ertza hartzera goaz.

Hau da ertza hartu dugunean ikusi duguna. Bikaina! Bide luzea baina erakargarria. Bi mendien erdian Malvosinas lepoa eta hasieran jarraitu ez dugun "Vajinaluenga". Eguraldia ere nahiko ona dago hemen.

Ertzetik gora. Gero eta argiago entzuten dugu dei bat goitik...

Eta halako batean han ikusi dugu deiaren egilea.


Gure lagun berriaren atzekaldean Peña Redonda eta Las Coloradas, eta beraien artean, atzerago, Montihuero.

Lehen urruti izan dugun La Crespa mendia, orain gure azpian dago.

La Crespa.

Eskuak zabalik hartu digu pertsonaiak. Badirudi aspertuta dagoela, bisita gutxi dituelako aspaldian. Buzoian aurkitu dugun COTOYA PINDIAren txartela, otsailaren 20koa da. Itxura batean hilabete darama bakarrik gure lagunak...

PEÑA SALGUEIRO (2146m). Baina arratsaldeko hirurak dira, eta jetsiera garaiz egin behar dugu. Gainera hodeiak ari dira hurbiltzen hona ere. Beraz, laguna agurtu eta igoerako bidea jarraituz egingo dugu beheruntz.


Ertza zabala da, elurra ondo dago eta nahiko azkar jetsiko gara.

Laciana-ko mendiak.

Ezkerrean kornisa dotoreak daude Vallinaluenga gainean.
Behin ertza jetsi, erraketak ipiniko ditugu eta errepidera heldu arte ez ditugu kenduko.


 Hodeiak sartu dira, baina gertu daukagu errepidea eta La Cueta herria.                                      --- 1. igoera. ---2. igoera zuzena. ---3. jeitsiera.                                                          Gutxigorabeherako gure joan-etorriak.


Errepidera irteten. 200 metro geratzen zaizkigu herrira heltzeko. Zazpi orduko ibilaldia izan da azkenean. Ez dugu inor ikusi (tontorreko laguna kenduta), eta posibilitate handiko ingurua ezagutu dugu.

Berriz La Cueta herrian, Sil ibaiaren gaineko zubia.

Errota, ondo babestuta. Orain bai, taberna irekita dago eta ogitarteko edarra jan dugu, bertako familiakoekin solasaldi aberatsa mantenduz.

Gure ostatua Vega los Viejos-en.

Eliza, ostatuaren ondoan.

Eta ondoan dagoen etxea. Gaur azkenean eguraldia oso ondo portatu da, nahiz eta iragarpena ez izan horrelakoa. Teorian, biharko zerbait hobea da. Horrela ba, Teverga eta Babia artean dagoen La Ventana portura joateko plana daukagu, Huertos del Diablo mendiak igotzeko asmoarekin...