MENUA

2016/04/11

CASTILLO MAYOR 2020 mt. Puértolas-etik

2016-03-26 Berriz goiz irten Tramacastilla-tik eta Sabiñanigo-tik Boltaña-ra doan errepide berria hartu ete hemen gaude Fiscal-en, atzo igotako Peña Canciás ikusten, oraingoz eguraldi onarekin.

Gaurko helburua Castillo Mayor da. Escuaín gainean dagoen gaztelu itxurako mendia da. Ingurukoak baino baxuagoa, baina ikuspegi oso ederrak dituena. Aínsa igaro eta Escalonan ezkerrera hartu behar da, Añisclo aldera, berehala eskuinera Puértolas eta Escuaín-era igotzen duen errepide estua jarraitzeko. Puértolas igaro eta km erdi egin ondoren dagoen bidegurutzean (Bestué ezkerrera, Escuaín eskuinera) aparkatu dugu. Hemendik Bestué herria eta Sestrales ikusten ditugu.

Bidegurutzetik abiatu eta berehala hartu behar da eskuinera harrizko hormen erditik. Peña Montañesa. Behiek askotan ikusten dute eta ez diote kasu handirik egiten.

Custodia lepora heldu eta ezkerrera doa bidea, ezpel eta beste landare mota batzuen artetik. Ez dago galtzerik, bide estua jarraitu behar da, Gazteluarako igarobidera heldu arte.

Bestué herria.

Zati luze batean landaretza itxian murgilduta ibiliko gara. Hormen azpira heltzen garenean, "zeta" batzuk egiten ditu bideak.

Zati hau oso polita da. Bidea egokituta dago eta malda irabazten hasten da. Aurrean Sestrales daukagu.

Gure atzean Cotiella mendikatea. Hasi dira hodei batzuk agertzen.

Behin "zetak" bukatu, ezpel eta erizoi artetik dauden mugarriak ondo adierazten digute bidea.

Eta gazteluaren lehenengo solairua gainditu ondoren haran eskegia agertzen zaigu. Erabat elurtuta dago, baina toki ederra da. Gainean daukagu igotzea falta zaigun beste solairua.

Haranean. Arrastoak daude eta jende gehiago dabil. Oraindik eguraldi ona daukagu, baina hodei susmagarriak ikusten ditugu Sestrales aldian, eta badirudi ez dugula asko ikusiko tontorretik. Baina berdin da.

Hori da geratzen zaiguna.

Beste bikote bat haranera sartzen.

Hasieran ondo igotzen da, bidea mugarriz markartuta dago eta elurrik gabe ondo jarraitzen da.

Baina ertzera irten baino lehenago, elurra dago eta izugarrizko zuloak harkaitz artean, beraz oso adi ibili behar dugu. Ez da zaila, baina bai arriskutsua gure zangoentzat.

Mendebaldeko ertza, eta sumatu dugun bezala, dena dago lainotuta. Zer egingo dugu ba?... Momentuaz gozatu eta beheko aldeetara begiratu.

Escuaín aldera erortzen dien hormak.

Ekialdeko ertza eta Peña Montañesa (hau oraindik garbi dago) eta Cotiella mendikatea estaltzen hasita.

Escuaín herria eta arroila.

Azkenengo metroak ertzetik.

Nahiz eta Ordesa eta Añisclo-ko tontorrak estalita egon, paisaia ederra daukagu begien aurrean.

CASTILLO MAYOR (2020m).


Hodei beltzez inguratuta.
Jeisteko bide berdina erabili dugu. Hemen kontuz, zangoak ez sartzeko zuloren batean.

Hau da bigarren solairua. Jetsi ondoren, atzera begira.

Haran elurtuan, Peña Montañesa aurrean dugula.

Haraneko irteeraren bila.

Euri tanta batzuk erori dira, baina inongo garrantzirik gabe. Peña Montañesa eta Cinca harana eta Puértolas herria erdian.

Ezpel eta erizoi artean.

Balkoi dotorean behera. Aurrean Peña Montañesa, Cinca haraneko zaindaria.

Atzera begira landaretzan buru belarri sartu baino lehen.

Custodia lepotik, Gazteluaren branka eta ezkerrean, goiko haranera sartzeko igarobidea.

Bestué-ra doan errepidera irteten, bidegurutzearen ondoan. Hau da ibilbidearen hasiera eta bukaera. Honekin bukatzen dugu gure Aste Santuko "periploa".


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina